Berdinketa lortu du Realak joanekoan, eta etxean erabakiko da kanporaketa
Amaiur Sarriegi, Atletico Madrili sartutako gola ospatzen.Reala Kopako finalerdietako joaneko partida jokatu zuen asteazkenean Realak Madrilen, eta berdinketa baliotsu batekin itzuli da Donostiara, Atletico Madrilen aurka 1-1 geldituta. Helburu nagusia zen itzulerako partidara bizirik heltzea, eta helburua lortuta itzuli dira Natalia Arroyoren neskak. Horrela, hurrengo asteazkenean Zubietan jokatuko duten itzulerako neurketan erabakiko da zein talde pasatuko den finalera.
Atzoko neurketa hasi aurretik edozein realzalek sinatuko lukeen emaitza da 1-1-ekoa, baina pena puntu batekin bizi da orain emaitza hori, Reala 0-1 irabazten heldu baitzen 90. minutura. Hala ere, Atletico Madrilek merezi izan zuen gutxienez gol bat sartzea, lau aldiz bidali baitzuen baloia langara, eta Elene Lete atezain txuri-urdinak penalti bat gelditu baitzuen lehenengo zatian.
Lehenengo zati bizi eta parekatu baten ostean, Amaiur Sarriegik ireki zuen markagailua, 64. minutuan, Jensenek eta Franssik abiatutako kontraeraso batean, Atletico Madrilen atea gaindituz. Etxekoak hoberen jokatzen ari ziren momentuan heldu zen gola, eta kolpe gogorra izan zen madrildarrentzat, jokoa menderatuta baitzuten. Emaitza bikaina zen txuri-urdinentzat, eta horri eusten saiatu ziren bukaeraraino.
Ordea, are gehiago estutu zuen hortik aurrera talde espainiarrak, eta azkenean lortu zuen Leteren atea gainditzea, luzapenean. Menayok erdiraketa egin zuen, eta Gabyk errematatu zuen, markagailuan berdinketa jartzeko. Banakoarekin amaitu zen neurketa, eta finalerako txartela ez dago inondik inora erabakita.

