Landutako garaipena eskuratu du Bera Berak
Bera Beraren eta Gran Canariaren arteko partidako une bat.Bera Bera Atsedenaldiaren ostean partida iraulita eta gogor borrokatuta, baina Bera Berak garaipen garrantzitsua eskuratu zuen atzo Gaskan, Gran Canariaren aurka (25-21). Gran Canariak igandean jokatu behar duen Europako partida dela eta, aurreratu egin zen Bera Berarentzat ligako hogeigarren jardunaldia, eta atzo jokatu zuten ligako partida hori. Elxek ere arrazoi berberarengatik atzo jokatu zuen Granollersen aurka eta irabazi egin zuen. Horrela, ligako lidergoan jarraitzen du Elxek, baina Bera Berak puntu bakarrera jarraitzen du, eta bi puntuko aldea du orain Malaga hirugarren sailkatuarekin; andaluziarrek asteburuan irabazi beharko dute, lidergoaren borrokan jarraitu nahi badute.
Atsedenaldira 11-15 irabazten eta partida menderatzen heldu zen Gran Canaria atzo, eta urduritasuna areagotzen ari zen Gaskan. Ordea, Imanol Alvarezen neskak beste erritmo batekin atera ziren kantxara atsedenaldiaren ostean, eta partida iraultzea lortu zuten. Hain zuzen ere, 14-6-ko partzial bat lortu zuten, eta Etxeberriaren gol batekin aurretik jarri ostean (21-20), neurketa erabaki zen. Beste lau gol sartu zituzten azken txanpan, partida 25-21-eko emaitzarekin amaitzeko.

