Liga irabazi du Txuri Urdinek
Txuri Urdineko neskak, ligako titulua altxatzen.EITB Duela bi urte egindako balentria errepikatu dute Txuri Urdineko neskek, larunbat gauean ligako titulua eskuratu baitzuten, Majadahondaren aurkako finala irabazita. Pasa den asteburuan Donostian lehenengo bi partidak irabazi ostean (3-2 eta 2-0), beste bi partida zituzten asteburu honetan Majadahondan, baina nahikoa izan zen bakarra jokatzearekin. Izan ere, 0-2 irabazi zuten donostiarrek, eta talde madrildarra finalari buelta emateko aukerarik gabe utzi zuten. Maria Sernak eta Naroa Ruizek egin zituzten Txuri Urdinen golak neurketaren hirugarren zatian, garaipena Donostiara ekartzeko. Ondo merezitako liga irabazi dute donostiarrek, hasi eta buka nagusi izan baitira: fase erregularra lidergoan bukatu zuten nagusitasun handiz eta finalerdietan ere erraz gainditu zuten Huarte.
Txuri Urdineko mutilek, bestalde, ligako finalerdietako itzulerako neurketak jokatu dituzte asteburuan etxean, baina finaletik kanpo gelditu dira, Jaca nagusi izan baita. Joanekoan partida bat galdu eta beste bat irabazi zuten donostiarrek (5-1 eta 2-3), baina oraingoan Jacak irabazi ditu biak (2-6 eta 1-4), eta, beraz, ez da bosgarren neurketarik jokatu beharko. Jacak eta Majadahondak jokatuko dute finala, Majadahondak Bartzelona gainditu baitu finalerdietan.
Belar hockeyan, Realeko neskek bana berdindu dute asteburuan Club de Camporen aurka, eta ligako sailkapeneko seigarren postuan jarraitzen dute. Donostiako Atletikoko mutilek, aldiz, 0-8 galdu dute Egararen aurka, eta ligako azken postuan hondoratuta jarraitzen dute.
Futbolean, Realeko neskek 1-7 galdu dute asteburuan Bartzelona geldiezinaren aurka. Beste maila batean dago talde katalana, eta agerian gelditzen da hori ligako partida bakoitzean; hurrengo neurketan pentsatzen ari da dagoeneko Natalia Arroyoren taldea. Ligako zortzigarren postuan daude orain txuri-urdinak. Mutilei dagokienez, kostata, baina garaipena eskuratu zuten larunbatean Granadan, bi aldiz galtzen joan ostean, partida irauli eta 2-3 irabazi baitzuten. Albisterik onena, emaitza txarren bolada eten dutela txuri-urdinek, eta Sadiq eta Andre Silva aurrelariek golak egin zituztela. Horrela, Europako postuetan amaitu du jardunaldia Imanol Alguacilen taldeak.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek garaipena eskuratu du asteburuan Cadi La Seuren etxean, eta ligako postuari eusten jarraitzen du. Gipuzkoa Basketek ere garaipena eskuratu du asteburuan, Tau Castellori etxean irabazita; ligako zazpigarren postuan daude donostiarrak.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako finala, itzulera
- Majadahonda 0 — Txuri Urdin 2
Gizonezkoen ligako finalerdiak, itzulera
- Txuri Urdin 2 — Jaca 6
- Txuri Urdin 1 — Jaca 4
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia
- Reala 1 — Club de Campo 1
Gizonezkoen liga, 13. jardunaldia
- Donostiako Atletiko 0 — Club Egara 8
Futbola
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Reala 1 — Bartzelona 7
Gizonezkoen liga, 28. jardunaldia
- Granada 2 — Reala 3
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Cadi La Seu 45 — Ibaeta Basket 57
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 23. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 92 — Tau Castello 78

