Ibilgailu astunek Loiolako zubia zeharkatu ahal izango dute, berriz ere
Egonkortze lanak amaituta, Lurraldebuseko lineek jatorrizko ibilbidea berrezarriko dute.
Loiolako zubiaren egonkortze lanak amaitu ondoren (GI-20), ibilgailu astunen eta autobusen zirkulazioa berrezarri dute gaur, 7:00tan. Gipuzkoako Foru Aldundiak igandean ohar baten bidez jakinarazi zuenez, obrak amaituta, 3,5 tonatik gorako ibilgailu astunen eta autobusen zirkulazioa baimenduta dago, berriz ere.
Horrek, hein batean, aldaketak ekarriko ditu Lurraldebusen zerbitzuei dagokionez. Izan ere, zazpi hilabeteko lanek eraginda, linea asko askok aldaketak izan dituzte euren ibilbideetan. Gaurtik aurrera, beraz, Donostia eta Oarsoaldea/Bidasoa arteko ibilbide naturalak berrezarriko dituzte hurrengo lineatan: E03, E04, E07, E08, E15, E21, E23, E24 eta E28.
Foru Aldundiak zubibide osoa hobetzeko proiektu integral bat abian jarri zuen martxan duela bi urte, eta horren ondorio da GI-20 errepideko gaineko pasabide horien eskoramendua. Zubi hori duela 50 urte eraikitako taula batzuek osatzen dute, eta eguneraketa beharrean zeudela azaldu dute arduradunek. Euste lanak iazko abuztuaren 1ean hasi ziren, eta 4,8 milioi euroko aurrekontua izan dute. Horri esker, egitura metalikoen bidez eutsi zaio biaduktuaren ibaiaren gaineko tarteari, bi galtzadetan.
Lanak eraginak izan ditu zubiaren behealdean ere, baina goiko zirkulazioarekin ez bezala, oinezkoentzako pasealekuan eta bizikleta bidean, bi astez luzatuko dituzte lanak.

