Beñat Arruti Irigoienek irabazi du Donostia Kulturaren Poesia Lehiaketa
Beñat Arruti Irigoien poetak (Zarautz, 1999) irabazi du Donostia Kulturaren VII. Poesia Lehiaketa, Arkeologia haragitan poema liburuarekin. Arrutik EHUn burutu zituen Psikologia ikasketak, eta Bartzelonan Ikerketa eta Esku Hartze Psikosozialeko Masterra egin zuen ondoren. Egun, adimen urritasuna duten pertsonekin ari da lanean, Zarauzko eguneko zentro batean. Horrela, aipaturikoa da argitaratuko duen lehen literatur lana.
Aritz Gorrotxategik, Itxaro Bordak eta Eli Tolaretxipik osatu dute lehiaketako epaimahaia, eta ostegun goizean egin duten prentsaurrekoan, Gorrotxategik nabarmendu du “maila handia” egon dela aurtengo lehiaketan, eta “asko” kostatu zaiela irabazlea aukeratzea. Hain zuzen ere, “finalean” egon diren beste bi lanak ere aipatu ditu, aitortza modura: Ahizpa beltza eta Hiria, diglosia, bakardadea izan dira, baina ez ditu egileak aipatu.
Gorrotxategik azaldu du Arrutiren lana “oso orekatua eta koherentea” dela, “aipuz eta irakurketaz ondo hornituta” dagoela eta “trebeki” uztartzen dituela “gogoeta eta hizkuntzaren distira”. Era berean, liburuko poemek “edukia” dutela nabarmendu du, eta eduki hori “musikaz” lagunduta dagoela: “Poesia, zerbait bada, musika da, eta Beñaten lanean, edukia belarrietatik erraz irristatzen da, horri esker”.
Sari gisa, 1.000 euro eta Imanol Larrinaga artistak Arrutiren poema batean oinarrituta egindako margolana jaso ditu zarauztarrak, eta Balea Zuria argitaletxeak —Gorrotxategi da argitaletxearen arduraduna— Arkeologia haragitan liburua argitaratuko du.
“Beharretik” egindako poesia
Arruti “pozik eta eskertuta” agertu da sariarekin, eta azaldu du “beharretik” idazten duela berak poesia, bere barneak eskatzen dionetik, eta, hain zuzen ere, hortik datorrela liburuaren izenburua: “Arkeologian lurraren sakonera sartzen dira, eta ni nire sakonera sartzen naiz poesia idazterakoan”. Azken bost urteotan idatzitako poemak jaso ditu liburuan,guztira, 45-50 bat. Halaber, “beharretik” idazten duen heinean, idazten jarraitzeko asmoa agertu du. Aurkezpenaren amaieran, liburuko ‘Nova Orbis Terrarum’ poema errezitatu du, eta jarraian ikus dezakezue, bideoan: