Udaberriz josita dator Olatz Salvadorren kanta berria
Olatz Salvador donostiarrak hurrengo diskoa izango denaren lehen singlea kaleratu du. Erritmoz eta intimitatez betea, berrikuntza ekarri du orain arteko ibilbidera.
Basa du izena lan berriak, eta azalberrituta dator Salvador. Hasiera lasaia duen arren, gorantz doa lan berria, eta orain arte landu ez dituen une dantzagarrienetara egin du salto. Ordea, ez du kantari donostiarrak berezkoa duen goxotasuna galtzen, eta bi munduren oreka freskoa garatu du. Musikan, elektronika gehixeago gehitu duen arren, Borja Antonen efektudun gitarrek beren presentzia izaten jarraitzen dute.
Sinbolismoz betetako bideoklipa egin du Ane Berriotxoa zuzendariak: ezpatak, kopak, ispilu hautsiak, sua… Azal eta mamiz dator berrituta Salvadorren lana, beraz.
Kantaren letra Oihana Arana eta Leire Vargas idazleek egin dute, eta grabaketa eta ekoizpena Pau Brugadak eta Vic Molinerrek Herrialde Katalanetako Oliveira Studin.