«Donostia oso hiri solemnea da... eta horixe da clownak agertzeko testuingururik hoberena!»
Grosen egin dugu hitzordua Sofia Facal psikologo eta clownarekin. Argentinatik etorri zen duela bederatzi urte eta Donostiari irriak ateratzen saiatzen da, buru-belarri. Elkarrizketak iraun duen tartean irriz hitz egin du honetaz eta hartaz. Txori baten kakak estreinatu du elkarrizketa, eta honi ere irriz erantzun dio: «Bizitzaren kakak konpontzeaz bizi naiz ni!».
Argentinatik etorri zen, orain bederatzi bat urte Donostiara, Sofia Facal (Buenos Aires, Argentina, 1979) psikologo eta clowna. Proiektu askotan topatu du bere burua, eta, ogibidea ez badu ere, bizibidea du clowna. Pailazoekin gertatzen den moduan, batzuetan ez dago hain argi noiz den pertsonaia eta noiz pertsona. Akaso, batzuetan ez dagoelako hainbesteko aldea.
Donostiaren eta Buenos Airesen artean
«Ez duzu sinistuko», dio. «Maitasunagatik etorri nintzen Donostiara. Hegazkin batean ezagutu nuen nire bikotekidea, eta denbora luzez distantzian aritu ostean, Buenos Airesen eta Donostiaren arteko alde onen eta txarren zerrenda bat egin genuen. Donostiak irabazi zuen, eta oraingoz ez naiz damutu!», dio, barrez.
Hiru urteko semea Groseko Biteri-Zuhaizti ikastetxera eraman zuen Facalek, eta bertan ezagutu zuen Ongi Etorri Eskolara egitasmoa: «Kulturarteko lantaldean hasi nintzen eta proiektuan ekarpen handiagoa egin nahi nuen clownaren bidez, baina euskara muga izan zen, batez ere haurrekin lana egiteko.Ateak ixten ari ziren, eta orduan pentsatu nuen nire ekarpena hemen beste lekuren batean izango da beharrezkoa; topatu egin behar dut, besterik ez».
Alemaniako lagun batekin, Skills 4 Science izeneko enpresa sortu zuen, zientzia eta teknologia arloan lan egiten dutenei bestelako trebetasun batzuk eskaintzeko: komunikazioa, talde dinamikak, eta abar.
Clowna, zeure burua ezagutzeko
Facalen pasioa, ordea, clowna da: «20 urte daramatzat clowna egiten. Nire bizitzaren parte garrantzitsua da». Bizitzaren parte garrantzitsua da, antzerkian ez bezala, clownean ez dagoelako aldez aurretik antzeztu beharreko pertsonaia bat: «Clowna da zeure barneko ezaugarri zaurgarriak topatzea, eta jolas baten moduan partekatzea».
Zeure burua ezagutzeko eta onartzeko bide bat da Facalentzat clowna: «Orokorrean, gugandik gustatzen ez zaiguna da barregarria dena. Alderdi guaia ez; geure akatsak, geure hanka sartzeak, geure esajerazioak… horiek bilatzea eta jolas gisa lantzea da clowna».
Donostian, beraz, norekin lan egin bilatu behar zuen: «Nire sare pailazoa, nire familia pailazoa bilatzen hasi nintzen». Lugaritzen ikastaro batzuk jaso zituen, baina bera jada clowna zela ikusita, irakasleak ikastaroak emateko proposamena egin zion. Bost urtez ikastaroak eskaintzen aritu ostean, ikasleekin batera Les Underklowns talde autogestionatua sortu zuten.
Les Underklowns taldea
Errenterian dute entseatzeko lokala, «Donostian, saiatu arren, ez digulako inork ere uzten». Gai sozialak jartzen dituzte erdigunean, eta gisa horietako jardunaldietan aritzen dira: Ongi Etorri Eskolaran, Zarauzko boluntarioen ferian, zaharren egoitzetan, esperantzaren telefonoan… «Espazio horietara jolasa eramatea da gure eginkizuna; askotan, leku horietan horixe bera falta baita».
Facalen ustez, clownak beste jarrera batzuk sortzen ditu. «Iruditzen zait Donostia oso hiri solemnea dela, oso serioa. Horixe da clownak agertzeko testuinguru hoberena! Unibertso hori gizatiarragoa egitea da gure lana: irria, umorea eta hauskortasuna azaleratzea. Dirudien arren, dena ez delako perfektua bertan».
2016an, Europako Kultur Hiriburutzaren urtean, udaletxe parean jarri zuten oholtza batean aritu ziren Underklownekoak: «Clownetako batek esan zidan: ‘Zuk ez dakizu niretzako zer den hau! Sudur gorri batekin, Donostiako udaletxearen aurrean, nire bizilagunen aurrean!’ Urduritasunez eta pozez txoratzen zegoen!».
«Udaletxe barrutik ibili ginen, ez dakit zenbat clown, handiki hutsak diren besaulki eta eskaileretan zehar. Udaletxea clownez inbadituta! Ederra litzake honela urte osoan, ezta? Ogasunean clown batek artatzea!», esan du, barrez.
Inguruarekin interakzioa
Clownaren eta antzerkiaren aldea da, clowneko pertsonaia norberarengan inspiratuta dagoela: «Ikuskizunak egiten ditugu, baina garrantzitsuena da geure izaeratik abiatuta gainontzekoekin egiten dugun interakzioa».
«Adibidez, zozketa bat egin genuen Zarautzen, eta kaletik zihoan jendearengana joaten ginen eta esaten genien: ‘Burbuilekin bainu bat tokatu zaizu! Zorionak! Kontuz, iraungitze data duela, eta lehen bai lehen egin behar duzu’. Modu horretan, jendearen pilotu automatikoarekin apurtzen duzu, eta eremu berrietara eramaten duzu», azaldu du.
Azaldu duenez, jende askok ihes egiten du, «denborarik ez dutela» argudiatuz. «Gure helburu xumea da jendeari irribarre bat ateratzea, eta, akaso, harritu dadila, eta lotura berriak egin ditzala».
Beldurrari aurre egiteko tresna
«Umeak beldur handiarekin hezi ditugu, akatsak egiteko beldur izugarriarekin. Gauza asko lortu ditugu, baina badirudi perfektuak izan behar garela, eta horrek arazo ugari sortzen ditu», gogoetatu du Facalek. «Hori kudeatzen ikasten duzunean, erlaxatzen zarenean, onartua zarela, nahikoa zarela eta zeure burua den moduan ospatu behar duzula ohartzen zara… Askotan, bestearen clownean jartzen dugu arreta, eta berea bezalakoa egin nahi dugu. Baina ez! Geuk geure buruaren clowna egin behar dugu, eta geure buruekin bakeak egitea askatzailea da».
Hain zuzen, beldur horietatik eta zaurgarritasunetik, Donostiarekin bere konexioa lortu du Sofiak: «Zein da Donostiaren alderdi zaurgarria? Jende askok bilatuko du konexioa sari handiekin, eta jaialdi ponposoekin, eta alfonbra gorriekin. Nik topatu dut sudur gorriarekin!», dio, barrez. «Honela, zer esango dutenari beldurra galtzen diogu».
Facalek argi du jendea beste begi batzuekin ikusten ikasten duzula clownari esker: epairik gabe. «Mundua horren kargatuta dago horrenbeste epaiez eta gauza gogorrez… Ahaztu egiten dugu gehiengoa jende ona dela. Zarata pixka bat gehiago egin behar dugu, eta horren gogorrak izateari utzi, pixka bat bigunagoak izateko».
‘Deskuadrillatuez’ barre
Bere minez eta zailtasunez ere barre egin du Facalek esketxetan: «Kuadrillarik ez nuela kontatzen nuen esketx batean. Zer gertatzen zaigu deskuadrillatuei? Euskal kulturan oso errotuta dago kuadrilla, baina kanpotik datorrenarentzat ez da horren erraza hori ulertzea», azaldu du. «Nik esaten nuen, non dago jendea, zer egiten dute elkartzeko? Zergatik ez nau inork deitzen? Hasieran, asko sufritzen nuen, niretzat, lagunen sarea oso inportantea delako. Gero kontatu zidaten ostiraletan leku batean egoten direla, eta larunbatetan beste batean, eta dagoena dagoela, eta kito! Ez da gonbidapenik behar, agertzen dena ongietorria da».
Gauza txiki horiek eragiten dute ingurunean modu batean edo bestean integratzea. «Kultura mundua irakurtzeko modu bat da; deskodifikatzekoa. Mac eta Windowsen bezala: botoi berdinak sakatzen dituzu, baina ez dituzu funtzio berdinak egiten!».
Euskal kultura, pailazoen bidez
Ongi Etorri Eskolara elkartearekin Inklusiorako Pilulak proiektua jarri zuten martxan. Pailazo euskaldunek Facali erakusten zizkioten euskal kulturarekin zerikusia zuten jarduerak: «Elkarte gastronomikoak, arraun taldeak, mendia, jaiak… Iñaki Perurena ere ezagutu genuen!».
Proiektu honi esker, aldebiko irakaspenak izan zituztela uste du Facalek: «Ikasi genuen ez dagoela besteak baino gehiago balio duen kulturarik. Dibertsitatea ospatu behar da, eta pertsona gisa aberasten gaituena. Zuri janari japoniarra gustatzeak ez du esan nahi zure janaria egiteari utziko diozunik. Hartu-eman horretatik zerbait berria sortzen dela baizik!».
Beharrezkoa da irekitasun hori Facalentzat: «Ezezagunaren aurrean itxi egiten gara bestela». Erraza izan ez zen arren, Facalek topatu zuen bidea jendearengana iristeko, eta ezagutzen ez zuten zerbait irakasteko. Eta beti, «unerik zailenetan ere», irribarre handi batekin.