Bilintxen Menda bertso hamabostaldia antolatu dute bigarrenez
Bilintxen Menda bertso hamabostaldia antolatu dute, bigarrenez, Donostia Kulturak, Euskara Zerbitzuak eta San Telmo museoak. Apirilaren 19tik maiatzaren 2ra izango da, Bilintx bertsolariaren jaiotzaren 190. urtemugaren karietara. Txapelketa izango da aurtengo jardunaldien ardatz, eta Imanol Larzabal Aretoan, Antzoki Zaharrean, Ernest Lluch K.E.n eta San Telmo museoan egingo diren lau saioek osatzen dute programa. Horietako bik ordaindutako sarrera dute eta beste bietan sarrera librea izango da, aretoa bete arte. Sarrerak bihar (martxoak 26) jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera.
Apirilaren 19an, Txapeldunen bertso saioa antolatu dute Imanol Larzabal aretoan, 19:30ean. Bost dira Txapelketa Nagusia irabazia dutenen artetik bizirik segitzen duten bertsolariak. XabierAmurizak aspaldi utzi zituen plazak, baina gainerakoek sasoi betean jarraitzen dute eta Donostian kantatuko dute. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Amets Artzallus eta Maialen Lujanbio ariko dira bertsotan, eta Ainhoa Larretxeak egingo ditu gai jartzaile lanak. Sarrerak bost euroren truke eskuratu daitezke.
Apirilaren 24an, Ernest Lluch kultur etxean Ego eta hego: txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik hitzaldia eskainiko du Jon Sarasua bertsolariak, 19:00etan. Plazetatik kanpo bada ere, Sarasuak bertsolaritzarekin lotuta segitzen du, eta txapelketez eta bertsolariez arituko da Donostiako bertso hamabostaldian, Xabier Euzkitzek aurkeztuko duen saioan. Sarrera doakoa izango da.
Apirilaren 28an, Bertsolari Txapelketen antologia kantatua hitzaldi musikatua egingo dute Antzoki Zaharrean, 19:00etan. 1935etik 1967ra bitarteko Bertsolari Txapelketa Nagusietan zeharreko bidaia bat izango da, gaur egungo bost bertsolariren ahots eta begiradetatik egina. Bertsolari Txapelketa bakoitzak bere garaiko gai, ikuspegi eta ahotsak bildu ohi ditu. Emanaldi honetan garai bakoitzean kantatzen zenaren eta gaur egun kantatuko litzatekeenaren arteko ispilu joko bat osatuko dute Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Unai Agirre, Nerea Ibartzabal eta Aner Euzkitze bertsolariek, Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musikak lagunduta. Aizpea Goenaga arituko da aurkezle lanean. Sarrerak bost euroren truke eskuratu daitezke.
Azkenik, Gai jartzailearen bilakaera mahai ingurua egingo dute maiatzaren 2an, San Telmo museoan, 19:00etan. Gaiak landu eta jartzeko moduek ere bilakaera ukaezina izan dute. Hiru belaunalditako gai jartzaileak izango dira mahai inguruan, garaian garaiko gai jartze moduez eta ikuspegiez solasean. Joxemari Iriondo, Laxaro Azkune eta Maite Berriozabal izango dira solaskideak, Xabier Euzkitzek gidatutako saioan. Sarrera librea izango da.