Egitarau zabala prestatu dute Altzako XXIV. Bertso Arorako
Aurten ere antolatu dute Bertso Aroa Altzan, eta datorren asteazkenean hasiko da, hilaren 10ean. Altzania Kultur Elkarteak, Bizarrain Euskara Elkarteak eta Altzako Bertsozaleak elkarteak antolatu dute egitasmoa, Lanku Kultur Zerbitzuak elkartearen eta Donostia Kulturaren laguntzarekin. Apiriletik azarora egingo dute Altzako XXIV. Bertso Aroa, hainbat jarduerarekin.
Hilaren 10ean hasiko da Bertso Aroa, Aitor Odriozola Zubillaga kazetari eta euskara irakasleak gidatutako bertsoei buruzko solasaldi batekin (19:00etan, Altzania elkartean). Asteburu horretan bertan izango da hurrengo saioa, bertso bazkaria egingo baitute hilaren 13an (larunbata) Altzatarrak elkartean, 14:00etan, Andoni Egaña eta Aner Peritz bertsolariekin; Joseba Alkiza izango da gai jartzailea.
Maiatzean eta ekainean izango dira hurrengo bi saioak. Lehenik, maiatzaren 3an, 19:30ean, bertso poteoa egingo dute, Altzako udaletxe zaharretik abiatuta. Auzoko bertso eskolako bertsolariak arituko dira bertsotan, trikitilarien laguntzarekin. Ekaineko saioari dagokionez, hilaren 2an izango da, 18:00etan, eta bertso jaialdi bat egingo dute, Harria parkean, Oihana Arana, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Xabier Galletebeitia bertsolariekin; Ainhoa Urien ariko da gai jartzaile lanetan.
Uda pasatuta izango dira azken bi saioak, urrian eta azaroan, hain zuzen ere. Urriaren 4an, 19:00etan, bertso musikatuez gozatu ahalko da Tomasene Kultur Etxean, Josune Aramendi, Agin Laburu, Julio Soto eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin. Ixaki Arruti eta Gari Otamendi musikarien doinuetara arituko dira, eta Amaia Agirre izango da gai jartzailea. Azkenik, bertso bazkari batekin amaituko dute XXIV. Bertso Aroa, Altzania elkartean, azaroaren 2an (14:00etan). Ekhiñe Zapiain eta Sustrai Colina arituko dira bertsotan, eta Aitor Odriozola izango da gai jartzailea.