Chernobil elkarteak harrera familiak behar ditu udarako
Ohi baino familia gutxiago dituzte aurtengo kanpainan. Hori horrela, bilera informatiboa egingo dute datorren ostegunean, hilak 11, Txara I eraikinean.
Euskal Herrira etorritako Txernobylgo haurrak.Chernobil elkartea Chernobil Elkarteak dei egin die Euskal Herriko familiei Txernobylgo zentral nuklearraren inguruan bizi diren haurrak jaso ditzaten uda honetan ere. Ohar batean azaldu dutenez, bi urteko gerraren ondoren egoera “gero eta kritikoagoa” da Ukrainako “milaka familientzat” eta, batik bat, adingabeentzat.
Hori horrela, ukrainar askok euren seme-alabak atzerrira bidali nahi dituzte, “bonbetatik, heriotza eta gerra albisteetatik urrun” uda leku seguru batean igaro dezaten. Era berean, behar bezala elikatu daitezen, egunerokoan duten erradiazio maila altuetatik at.
1995etik ari da elkarte hau helburu horrekin lanean. Jakin badakite, ordea, bi urte daramatzatela aparteko ahalegina eskatzen, Ukrainako egoera “dramatikoa eta ezohikoa” baita. Nolanahi ere, ez diote muzin egiten Euskal Herriaren elkartasunari.
Oraingoz, bederatzi harrera familia berri baino ez dituzte, eta iaz 49 familia sartu ziren ekimen horretan. “Gure helburua, gutxienez, erdira iristea da”, azaldu dute ohar batean, eta aurreratu dute bilera informatiboak egingo dituztela datorren asteko ostegunean, hilak 11, Donostian, Txara I eraikinean, 18:30ean. Biharamunean, berriz, Iruñean eta Bilbon izango dira.


