Dena prest maratoi erdirako eta 10K lasterketarako
Maratoi erdia eta 10K lasterketa aurkeztu dituzte gaur udaletxean.Donostiako Udala Igandean egingo dituzte Donostiako maratoi erdia eta 10K lasterketa, eta ostegun goizean udaletxean egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, dortsal guztiak saldu dituzte: 3.550. Maratoi erdiak (21,97 kilometro) 2.150 parte hartzaile izango ditu, eta gainontzeko korrikalariek hamar kilometroko proban hartuko dute parte. Parte hartzaileen artean, hainbat korrikalari ezagun egongo dira, hala nola, Chakib Lachgar, Unai Arroyo, Lucia Garate eta Elena Loyo. Bulebarrean hasi eta bukatuko dira bi probak, 10:00etan hasita.
30 herrialdetako korrikalariak arituko dira, eta parte hartzaile guztien %52,43 Gipuzkoatik kanpokoak izango dira. Bestalde, aurten, 10K lasterketan gizon baino emakume gehiagok hartuko dute parte estreinakoz, parte hartzaileen %55,6 emakumezkoak izango baitira. Era berean, korrikalarien batez besteko adina jaitsi egin da, igo egin baita izena eman duten 35 urtetik beherako korrikalarien kopurua.
Egitasmoaren aurrekontuari dagokionez, aurkezpenean azaldu dutenez, aurrekontu osoa 70.000 eurokoa da. Nabarmendu dutenez, erdia izen emateekin estaltzen dute, %30a babesleen ekarpenek estaltzen dute, %15 antolatzaileek eta %5 diru laguntza publikoek.
Jasangarriagoa
Aurtengo probak “jasangarriagoak” izango direla nabarmendu dute antolatzaileek aurkezpenean, ez dutelako plastikozko botilarik erabiliko, edalontziak konpostagarriak izango direlako, poltsak eta pankartak material birziklagarriz egindakoak izango direlako eta ibilgailu elektriko bat erabiliko dutelako lasterketa buru gisa.
Bestalde, parte hartzaileak zein ikusleak garraio publikoa erabiltzera deitu dituzte, Dbusekin akordioa egin baitute aurten ere, autobus zerbitzua doakoa izan dadin herritarrentzat 10:00etatik 12:30era, eta korrikalarientzat 07:30etik 13:30era. Hain zuzen ere, hainbat aldaketa eragingo dituzte lasterketek Dbusen ohiko zerbitzuetan; hemen kontsultatu ditzakezue.


