Donostian hasiko da Buruz Buruko Txapelketa
Buruz Buruko Txapelketaren aurkezpena, asteazkenean, Urdaibaiko Ekoetxean. Ostiral honetan hasiko da Buruz Buruko Txapelketa, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Zabalaren eta Urrutikoetxearen arteko partidarekin. Urdaibaiko Ekoetxean aurkeztu zuten pilota txapelketa, asteazkenean, eta hamabi pilotarik hartuko dute parte.
Enpresa bakoitzak sei pilotari kantxaratuko ditu aurten ere: Aspek Elordi, Altuna III.a, Dario, Ezkurdia, Zabaleta eta Zabala; Baikok, aldiz, Artola, Laso, Peña II, Jaka, Bakaikoa eta Urrutikoetxea. Sistemari dagokionez, iazko bera izango da: final-laurdenetako ligaxkan ez dute asteburuero jokatu beharko, hiru partidetan gutxienez asteburu bateko atsedena izango baitute. Zerrendaburuak Elordi, Altuna III.a, Dario eta Ezkurdia dira, eta, beraz, beraiek zuzenean final-laurdenetako ligaxkan ariko dira, final-zortzirenak jokatu behar gabe.
Final-zortzirenak asteburu honetan jokatuko dituzte: ostiralean Zabala-Urrutikoetxea Donostian, larunbatean Bakaikoa-Laso Iruñean eta igandean Peña II.a-Artola Tolosan eta Jaka-Zabaleta Zumaian. Bestalde, Elordi eta Ezkurdia A multzoko ligaxkan daude eta Altuna III.a eta Dario B multzokoan. Zabala-Urrutikoetxea eta Peña II.a-Artola partidetatik aterako dira A multzoko beste bi partaideak eta Bakaikoa-Laso eta Jaka-Zabaleta partidetatik B multzokoak. Horrela, apirilaren 12tik maiatzaren 5era jokatuko da A multzoko ligaxka, eta apirilaren 13tik maiatzaren 12ra B multzokoa.
Ligaxkak erabakitzen direnean, A multzoko lehena eta B multzoko bigarrena buruz buru arituko dira lehenengo finalerdian, maiatzaren 18an, Iruñean. Bigarren finalerdian, aldiz, A multzoko bigarrena eta B multzoko lehenengoa lehiatuko dira, maiatzaren 19an, Donostian. Azkenik, finala ekainaren 2an jokatuko dute, Bilbon, eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketa maiatzaren 26an izango da.


