'Gailurretan izan gaitun' erakusketa irekiko dute Okendo Kultur Etxean
'Gailurretan izan gaitun' erakusketako irudi bat.Donostia Kultura Gailurretan izan gaitun (Mendizale, alpinista eta eskalatzaile aitzindariak, 1924-2024) erakusketa irekiko dute gaur (hilak 4) Okendo Kultur Etxeko areto zaharrean, eta maiatzaren 10era arte egongo da ikusgai. 19:30ean izango da inaugurazioa, Iñaki Miguel piano jotzailearen zuzeneko musika emanaldiarekin. Erakusketa astelehenetik larunbatera egongo da irekita (igande zein jaiegunetan itxita), goizez zein arratsaldez. Gipuzkoako Mendizale Federazioa, Kirol Etxea, Club Vasco de Camping elkartea eta Donostia Kultura dira antolatzaileak.
Emakume mendizaleen mugarri historiko baten mendeurrenaren harira antolatu dute erakusketa, Donostia Kulturak azaldu duenez: “Euskal-Nafar Alpinismo Federazioa Elgetan sortu zen 1924an, Parisko Olinpiar Jokoen urte berean; joko horietan parte hartu zuen Lili Alvarez (1905-1998) eskiatzaile, alpinista eta tenislariak. Aurten 100 urte bete dira emakumeek laguntzaile gisa parte hartu zuten mugarri hartatik. Tontor batzuk Frantziako, Erresuma Batuko eta Ipar Amerikako mendizale aitzindariek zulatuak zituzten. Mendiko kristalezko sabaia apurtzea oso lotuta dago 100 urte baino gehiagoz emakumeen boto eskubidearen eta hezkuntza eskubidearen alde feminismoaren lehen olatuan borrokatu ziren emakumeekin”.
Ana Diez de Ure da erakusketako komisarioa, eta hitzaldia eskainiko du kultur etxean bertan hilaren 25ean, 19:00etan, gaztelaniaz. 100 urteko ibilbidea egingo du hitzaldian, emakumeek kristalezko sabaia mendian ere noiz, nola eta nortzuk puskatu zuten azaltzeko.

