Igerilekurik ez Ondarretan, hemendik aurrera
Tintin klubak agur esan dio Ondarretari, eta hemendik aurrera ez ditu udako eskolak eskainiko.
Ondarretako tintin kluba. Tintin Ondarreta Uda iristeko hilabeteak falta diren arren, guraso askok euren haurren igeriketa eskolak antolatzen hasiko ziren jada. Bada, hemendik aurrera, Antigua partean askorentzat ohiko izan den aukera galduko dute; izan ere, Tintin Klubak agur esan dio Ondarreta hondartzari. El Diario Vasco egunkariak jaso duenez, klubeko zuzendaritzak eskutitz bat bidali die familiei, “hainbeste udaren ostean, agur esateko unea” iritsi dela esanez.
“Tamalez, ezer ez da betiko, eta guri gelditzeko unea iritsi zaigu” azaldu dute gutunean. Lerro horietan, halaber, eskerrak eman dizkiete familiei, eta “oroitzapen partekatuek” eta klubak utzitako arrastoak “denboran eta bihotzetan irautea” espero dutela adierazi dute.
Donostiar askok gogoratuko dute, ziurrenik, udako gune bitxi horretan izandako ibilbidea. Gurasoek behartuta edo ilusioz eta gustura, 60 urteko historian Donostiako haur askok ikasi dute klubean igerian. Hiriaren udako postalaren parte ere izan dira Ondarretako igerilekuak. Barandatik ikusten ziren haurrak crol, bizkarrez edo bular igeriketan, materialez lagunduta askotan, eta monitoreen gidaritzapean.
Urteetan ohikoak izan dira baita ere, klubeko kamisetak Donostiako haurren artean. Askotariko koloreekin, ikastaroaren urtea eta maila adierazten zuen animalia jakin batekin eraman dituzte harro-harro, uda guztietan.
1962tik igerian
Ondarretako hondartzako instalazioak izan ziren Gipuzkoan 1962ko udan ireki ziren lehenak, eta urteetan, eskuz esku pasa dira. Egun, antzeko igerilekuak daude Zurriolan eta baita Hondarribiko hondartzan ere, baina denak elkarren artean independenteak dira.


