Sara Mansilla bueltan da, 'Soon' abestiarekin
Sara Mansilla, 'Soon' abestiaren bideoklipean. Sara Mansilla musikari donostiarrak Soon abestia argitaratu du, maiatzean plazaratuko duen Cerca diskoaren aurrerapen kanta. Jazz kutsu handiko abesti intimista da, eta Nacho Soto (teklatuak), Juan Oliveira (gitarra), Victor Villa (gitarra), Eneko Arbea (bateria) eta Jorge Luengo (baxu elektrikoa) izan ditu bidelagun. Singlea grabatzeko, Victor Sanchez soinu ingeniariaren laguntza izan du, Elkar argitaletxearen Adunako estudioetan.
Pandemia bete-betean sortu zen Soon, eta garai zailak bizitzen ari direnei zuzendutako “elkartasun abestia” da, artistak ohar bidez azaldu duenez. Pandemian, “ziurgabetasun eta bakardade une haietan”, zera galdetzen zion Mansillak bere buruari: “Zer entzuteak sentiaraziko ninduke hobeto une honetan? Zer mezu helarazi nahiko nieke egun hauetan haien falta sentitzen dudan pertsona horiei guztiei?” Eta horrela sortu zen Soon, oharrean azaldu duenez. “Egungo gizarte honek berezkoa duen azkartasunarekin, abesti hau zera entzun nahi dutenentzako oparia da: “Sinets iezadazu orain ezkutuan dagoen indar hori berreskuratuko duzula esaten badizut. Hau guztia pasatuko da, eta laster egongo gara berriro elkarrekin”, gehitu du.
2019an argitaratu zuen Mansillak bere lehenengo diskoa: Talking to the Wall. 16 urterekin idatzi zuen abesti baten izena darama disko horrek, eta Musikenen ikasten ari zenean ezagutu zituen hainbat musikarirekin elkarlanean argitaratu zuen. Askotariko agertokitan jo du donostiarrak urteotan, tartean Jazzaldian eta Gure Ahotsak egitasmoan.


