Udarako ireki nahi dute Zurriolako Zmare ostalaritza establezimendua
Zurriola Maritimo eraikinean jarriko duten Zmare ostalaritza establezimendua ekainean ireki nahi dute, horren sustatzaile Zurriola Ocean Center ostalaritza taldeko arduradun Mikel Ubarretxeak Noticias de Gipuzkoa hedabideari azaldu dionez. Une honetan, eraikinean egokitzapen lanak egiten ari dira, eta udan funtzionamenduan egon nahi dute, baina Ubarretxeak kezka adierazi du Kostaldeko Agintaritzako baimenak garaiz iritsiko ote direnaren inguruan.
ZM establezimendua zegoen lehen eraikin horretan, baina 2016an itxi zuten, eta udalak lehiaketa publikora atera zuen eraikinaren erabilera. Prozesu luze baten ondoren, aipaturiko ostalaritza taldeari adjudikatu zioten erabilera 2022an, hamar urterako; 2033ko abuztuan amaituko da, baina 2042ra arte luza daiteke, udalak hala nahi izango balu. Eraikinean egiten ari diren lanek 710.000 euro inguruko kostua dute, eta udalak 300.000 euro jarriko ditu gehienez.
Noticias taldeko hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, Zmare establezimenduak egunean zehar funtzionatuko du eta ez du diskotekarik izango —aurretik diskoteka gisa funtzionatu izan du—. Hala ere, egunean zeharreko zein gaueko festa pribatuak antolatzeko aukera izango du Zmarek. Bestalde, taberna zein jatetxe gisa funtzionatuko du 70 bat langile izango dituen establezimenduak, eta bi terraza izango ditu. Era berean, sorospen eta itsasoarekin lotutako bestelako jardueren akademia bat ere jarriko dute eraikinean.