Donostian ere hasi da hauteskunde kanpaina
Gaur hasi da apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina, eta Donostian ere mugitzen hasiak dira alderdi politikoak. EAJk eta EH Bilduk Gasteizen egin zituzten euren ekitaldi nagusiak, Bilbon PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Podemosek eta Donostian Sumarrek. Hala ere, alderdi guztiek ekarri dute kanpaina Donostiara. Inkesten arabera, estua da EAJren eta EH Bilduren arteko aldea, eta alderdi sozialari heldu diote alderdi gehienek lehenengo ekitaldietako diskurtsoetan.
EAJk, Imanol Pradales lehendakarigaiarekin, Gasteizen egin zuen kanpaina hasierako ekitaldi nagusia, baina Elkano kalean ireki duten egoitza berrian ere agerraldia egin zuten, Donostiako jeltzale nagusiekin: Eneko Goia alkatea eta Jon Insausti eta Nekane Arzallus zinegotziak, besteak beste. Indargune izena jarri diote egoitza horri, Indar berria leloarekin bat eginez. EH Bilduk ere Gasteizen hasi zuen kanpaina, Peio Otxandiano lehendakarigaiarekin, baina Donostiako EH Bilduko militanteak gaur goizean ibili dira hirian esku orriak banatzen eta kartelak jartzen.
Jeltzaleak ez dira kanpainarako hirian egoitza berri bat ireki duten bakarrak, PPk ere egoitza berri bat ireki baitu Erdialdean, Garibai kalean, eta Javier de Andres hautagaiak bisitatu zuen duela astebete. Bestalde, Sumarreko Alba Garciak Donostian abiatu zuen kanpaina, Aquariumean, eta PSE-EEko Eneko Anduezaren irudiak hiriko hainbat tokitan ikus daitezke dagoeneko. Era berean, alderdiek ekitaldiak egingo dituzte hirian datozen bi asteotan.