Osalanek prebentzio neurriak eskatu ditu Manteoko eremuan amiantoa egon daitekeelakoan
Orain arte egindako indusketatan ez dute amianto arrastorik topatu, baina ez dute baztertzen azpiko geruzetan izatea.
Osalanek, Laneko Osasunerako Euskal Erakundeak, ez du baztertzen amianto arrastoren bat egotea GOe eraikitzen ari diren Manteoko lursailean. Hala erantzun dio LAB sindikatuari, azken horrek idatzi bat aurkeztu baitzuen martxoaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako erakundeari esku hartu zezala eskatuta. Osalanek azaldu duenez, orain arte egindako azterketetan ez dute amianto arrastorik topatu, baina horrek ez du esan nahi beheko geruzetan egongo ez denik. Hori horrela, “obrako langileek amiantoaren eraginpean egoteko duten arriskua ebaluatzea eta kontrolerako prebentzio neurriak hartzea” aholkatu dio enpresa kontratistari.
Osalanek zehaztu duenez, orain arte egindako azterketak lur azpitik hamabost eta hogei metro arteko tartean egin dituzte, baina “naturgunearen ezaugarri geoteknikoak zehaztea” izan dute xede, lurren mugimendua eta zimendatzea zehazteko asmoz. Hala, amiantoaren bilaketa lanik egiteko asmo oro ezeztatu dute, baina atera behar diren 28.000 metro kubikoak kontuan hartuta, prebentzio neurriak hartzeaz gain, fibrozementuaren azaleratzearen arriskuaren aurrean, protokolo bat zehaztea gomendatu diote lanak egiten ari den enpresari.
Ikuskatze gehiagoren beharra
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, halaber, GOeko obraren egungo lanak ikuskatzea gomendatu zion lanak egien ari den enpresari duela egun batzuk. Zehazki, alor horretan lan egiten duen enpresa baten ikuskapena egin zezala adierazi zion, “lurzoruan edo lurpeko uretan kutsadura arrastoak detektatzeko edo baztertzeko”.
Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Aitor Aldasorok sinatutako erabakiaren arabera, Basque Culinary Centerren (BCC) bigarren egoitzako obra hasi den orubearen gainean orain arte emandako dokumentazioak ez du “inolako kutsadura arrastorik identifikatzen kokalekuan egindako zundaketetan!. Hala ere, ebazpenak dioenez, “agerian jarri den herritarren kezka gutxitze aldera”, “gomendagarritzat” jotzen dute obraren jarraipen lanetan egoeraren kontrola egitea.