Diego Franco eta Antonio Lopez omenduko dituzte igandean, frankismoak Euskal Herrian fusilatutako azken militanteak
Omenaldiaz gain, bisita gidatu bat eta hitzaldi bat ere antolatu dituzte astebururako.
Gipuzkoako CNTren Oroimen Taldeak Diego Franco Cazorla (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1920—Donostia, 1947) eta Antonio Lopez Fanlo (Zaragoza, Espainia, 1916—Donostia, 1947) anarkistak omenduko ditu igandean Bidebietan, euren fusilamenduaren 77. urteurrenaren bueltan. Egungo datuen arabera, frankismoak Donostian eta Euskal Herrian fusilatutako azkenak dira Franco era Lopez. Bidebietako tiro eremuan fusilatu zituzten 1947ko apirilaren 21ean, egungo Salvador Allende parkean, eta, hain zuzen ere, han egingo dute omenaldia igandean (hilak 14), 17:30ean; ezin dute 21ean bertan egin, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen eguna delako.
36ko gerran Durruti zutabean borrokatutakoa zen Lopez, eta Roja y Negra zutabean borrokatutakoa Franco, eta frankistek guda irabazi zutenean, bi militanteek muga pasatu eta Frantziako erresistentzian parte hartu zuten. Bigarren Mundu Gerra bukatuta, Francok eta Lopezek mugaren beste aldean jarraitzen zuten, baita borrokan jarraitu ere, noizean behin muga zeharkatzen baitzuten, ekintza iraultzaileak egiteko, besteak beste. 1946ko uztailean, ordea, Guardia Zibilak harrapatu zituen, Irunen, eta Ondarretako espetxera eraman zituzten. Han egon ziren ia urtebetez, torturak pairatzen, eta epaiketa militarrean, heriotza zigorra ezarri zieten, matxinada militarra egotzita.
Fusilatu ostean, gerra kontseiluan azaltzen denez, Polloeko hilerriko eremu zibileko nitxo jakin batzuetan lurperatu zituzten Franco eta Lopez, hain zuzen ere, frankistek hildako 400 bat pertsonaren gorpuzkiak zituen hobi komunaren inguruan. Hilerriko erreformarekin, ordea, hezurtegi orokorrera bota zituzten gorpuzkiak, beste milaka gorpuzkirekin, eta, beraz, egun ezin dira identifikatu. Hedabide honek Francori eta Lopezi buruzko erreportaje zabala argitaratu zuen duela urtebete inguru, Gipuzkoako CNTren Oroimen Taldeko eta Dinamita Tour egitasmoko Josetxo Etxeberriarekin hitz eginda. Gizartea “halako borrokalariekin zorretan” dagoela nabarmendu zuen Etxeberriak erreportaje horretan, eta, hain zuzen ere, zor hori kitatzeko pauso bat izango da igandeko omenaldia.
Bisita eta hitzaldia
Igandeko omenaldiaz gain, ostiralean (hilak 12) beste bi jarduera antolatu ditu CNTk. 18:00etan, 1936ko Amara iraultzailearen barruan bisita gidatua egingo dute, Kaxilda liburu dendatik abiatuta. Ondoren, 18:30ean, Francori eta Lopezi buruzko hitzaldia egingo dute, Kaxildan bertan.