Kalapie elkartearen arabera, mugikortasun plana motz geratzen da hiriko erronkei erantzuteko
Kalapiek alegazioak aurkeztu dizkio Donostiako 2024-2029 Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planari. “Gure hirirako aldarrikatzen dugun hiri ereduarekin bat datozen helburu eta alderdi asko dauden arren, uste dugu Donostiako 2024-2029 aldirako hiri mugikortasun iraunkorreko plana ez dela behar bezain asmo handikoa mugikortasunak Donostian dituen erronkei aurre egin ahal izateko”, adierazi du txirrindularien aldeko elkarteak.
Eskaera nagusietako batzuk hauek dira, besteak beste: 2029rako 50.000 bizikleta erabiltzaile izatea; Europako estandarrekin bat datozen bizikleta bideak diseinatzea; oinezkoentzako jarduera gehiago edo bidegorri berriak egitea Donostiako auzoetan; Mirakruzeko bidegorriak egitea eta 2029a baino lehen ospitaleetara igotzea; trafikoa baretzeko eta autoari eskainitako lekua murrizteko neurri osagarriak.

