Estudiantesen etxean galdu du Ibaeta Basketek
Ibaeta Basketen eta Estudiantesen arteko partidako une bat.Ibaeta Basket Partida garrantzitsua jokatu zuen Ibaeta Basketek asteazkenean Estudiantesen etxean, eta porrot batekin itzuli da: 71-61. Bi taldeak ligako titulua eskuratzeko play-off faserako txartela lortzeko borrokan dabiltza, eta agerian gelditu zen hori atzo, oso neurketa borrokatua izan baitzen.
Lehenengo hiru laurdenak oso parekatuak izan ziren, eta alde gutxirekin bazen ere, donostiarrak aurretik joan ziren markagailuan une askotan: 13-16 bukatu zen lehenengo laurdena eta 29-32 bigarrena. Hirugarrenetik aurrera, aldiz, etxekoak gailentzen hasi ziren, eta neurketari buelta eman zioten: 49-45 bukatu zen hirugarren laurdena eta 71-61 laugarrena. Ligako bederatzigarren postuan daude orain donostiarrak.

