Zaporeak elkartearen sukalderako janari bilketa egingo dute asteburuan
Zaporeak elkarte solidarioak bere janari bilketan parte hartzeko deia luzatu du. Zehazki, ostiral eta larunbatean egingo dituzte elikagai bilketa horiek, Donostiako Super Amara supermerkatuetan: Antiguan, Tolosa hiribidean; Loiolako Erriberan, Iesu elizaren azpian, Erdialdean, San Martin merkataritza zentroan, eta Amaran, Isabel II hiribidean. Elkarteak adierazi duenez ezinbesteko dute donostiarren laguntza egunero eskaintzen dituzten milaka errazioak egiteko eta, batik bat, pasta, lekaleak, arroza eta olioa behar dituzte.
Intxaurrondoko elkarteak adierazi duenez, Greziako errefuxiatu esparruetako egoerak “oso kritikoa” izaten jarraitzen du: “Milaka pertsonek kanpin denda eta karpen artean pilatuta jarraitzen dute, giza eskubideak urratzen dira eta ez dute eguneroko errutina duin bilakatzeko oinarrizko baliabiderik”. Hori horrela, beharrezkotzat dute elikagaien ekarpena egunero egiten dituzte 3.000 errazio “duin” prestatzeko: “Mota guztietako elikagaiak behar ditugu errezeta horiek migratzaileen jatorrien gustuen arabera egin ahal izateko”.