Ahalduntzeko bidea patinetan ere egin daiteke
Easo Avengers talde donostiarrak hamaika urte daramatza roller derbyan jokatzen. Ibilbide luzeko kirola den arren, ezezaguna izaten jarraitzen du, eta askotariko oztopoekin topatzen dira jokalariak, behar bezala praktikatzeko. Apurtzailea bezain inklusiboa, feminismoa du bidelagun, estereotipoekin bukatu eta ahalduntzeko.
Abiadura handiarekin, di-da egiten du aurrera jokalariak. Taldeko kideak non dituen topatu, eta helmugarik ez duen lasterketa horretan, saiatu da jokaldia irakurtzen. Aurkariak ditu parez pare, baina beren patin arrastoak jakinarazi diote, elkarren arteko distantzia murriztear dela une batetik bestera. Instant horretan, aurre egin behar izan dio talkaren beldurrari, eta saihestezina den kolperako prestatu du bere burua.
«Kanpotik begiratuta, oso ikusgarria da eta jendea beldurtu egiten da maiz», adierazi du Lide Treku Easo Avengers taldeko jokalariak (Oiartzun, 1982). Hiru urte daramatza taldean, eta lehenago hasi ez izanaz damutzen da: «Lagun baten bidez ezagutu nuen eta bigarren entrenamendurako ja banekien hau zela nire kirola», onartu du. Treku baino, Angry Phoenix gisa ezagutzen dute taldean, kide guztien antzera, ezizena erabiltzen baitu: «Zerikusi handia du beste ni bat sortzearekin, indartsuagoa edo lotsagabeagoa izan daitekeen beste batekin, alegia».
Amerikako Estatu Batuetan sortua, ikuskizun gisa hasi zen roller derbya 1930eko hamarkadan, baina mende hasieran loratu zen, lehen araudiarekin: «Texasen WFTDA elkartea [Women’s Flat Track Derby Association] sortu zenean arautzen hasi ziren eta orduan hasi zen mundu osora zabaltzen», azaldu du Trekuk. Barreiatzerakoan, feminismoa hartu zuen eskutik, eta geroztik izan du bidelagun, jokalariaren arabera: «Beti egon dira gizonezkoen taldeak, baina hasieratik nagusitu dira emakumezkoenak».
Egun, halaber, inklusioaren kiroltzat hartzen da, gainerakoetan ez bezala, WFTDA ligak genero ez bitarrak, jariakorrak eta bestelakoak onartzen dituelako txapelketa ofizialetan: «Sexuak eta generoak bat egiten ez badute ere lehiatu daitezke. Bestelako ligak ere badira, baina guk, WFTDAren antzera, uste dugu roller derbyak diskriminazioaren aurkakoa, antirrazista eta antikapitalista behar duela izan».
«Uste dugu roller derbyak diskriminazioaren aurkakoa, antirrazista eta antikapitalista behar duela izan
Lide Treku, Easo Avengers taldeko jokalaria
Roller derbyaren jokoa ulertzea sinplea den arren, hasieran «arrotz» izaten dela dio Trekuk. Bost pertsonetako bi taldek eta hamabost arbitrok osatzen dute partida bakoitza. Gehienez ere, jam edo jokaldi bakoitzak bi minutuko iraupena izan dezake, eta bi minutu horien barruan, jamerrak —puntuak lortzen dituen jokalariak— gainerako taldeak egiten duen harresi edo blokearen aurretik igarotzea du helburu. «Erditik pasatu behar du», dio Trekuk, eta hori lortzen duen bakoitzean, ibilbide horretan zenbat aldaka gainditzen dituen zenbatzen da, ondoren kopuru hori puntuazio jakin batean itzultzeko.
Kolpeak andana
Kirol horretan oso ohikoak dira erorketak, bultzadak eta blokeoak, «baita lesioak ere», zehaztu du Trekuk. Roller derbyaren muinean errotuta dago kontaktu fisikoa eta oldarkortasuna, eta emakumeak kirolean izan duen irudiarekin egiten du talka: «Kirol oldarkorretan oldarkorrenetakoa da eta horrek emakumeek kirolean dituzten estereotipoekin hausten du», dio Trekuk.
Era berean, gorputz mota guztiak onartzen dira lehian, askotariko pisua duten gorputzak egokitzen baitira, askotariko postuetara: «Gorputz guztiak ongietorriak dira, eta jamerrak [arinago ibiltzen direnak] eta blokeatzaileak [pisu handiagoa dutenak] izan daitezke».
Nolanahi ere, indarra funtsezkoa dute lehiatzeko, eta hori horrela, orduak ematen dituzte euren gorputzak garatzen: «Partidak ditugunean, gorputza muturreraino eramaten dugu. Kolpe asko onartuta daude jokoan, baina horrek ez du esan nahi minik ematen ez digutenik».
Goitik beherako babesgarriak daramatzate soinean, baina etengabeak dira kolpeak, jokalariaren arabera: «Nik biziraupen egoera batekin alderatzen dut, zure bila datozen arren, kolpeak jasotzera ohitzen zarelako. Ikusten duzu kolpe horrek ez duela ondoriorik, sustoa dela eta adrenalinak egiten duela gainerakoa».
«Nik biziraupen egoera batekin alderatzen dut, zure bila datozen arren, kolpeak jasotzera ohitzen zarelako. Ikusten duzu kolpe horrek ez duela ondoriorik, sustoa dela eta adrenalinak egiten duela gainerakoa»
Lide Treku, Easo Avengers taldeko jokalaria
Garatutako indarra fisikoa zein mentala dela berretsita, ahalduntzeko bidea egiten ere egiten dela baieztatu du jokalariak: «Muskulua landuago dagoenez, ikusgarriagoa da gorputzak duen boterea, eta kolpea jaso ordez, errebotean bueltatzen dugu askotan». Horrek, halaber, bizitzako beste hainbat esparrutan izan daitezkeen jarreretan ere eragina duela dio jokalariak.
Haragi freskoaren bila
22 eta 50 urte bitarteko hamabost lagunek osatzen dute Easo Avengers, eta roller derbyko taldeetan gertatzen den moduan, feminismo aktibistatik, eta hardcore eta punk musika estiloetatik etorritakoak dira horietako asko.
Txantxak taldearen beste gakoetako bat direla baieztatuta, Trekuk azaldu du, «sororitate eta zaintza» hori ere aurkariekin partekatua dela: «Gainera, asko mugitzen gara inguruko taldeekin jokatzeko».
Iruñeko eta Logroñoko taldeekin Tiparracas taldea osatzen dute, eta maiz entrenatzen dute elkarrekin, hamaika urteko ibilbidean behin baino ez baitute partida bat euren jokalariekin soilik jokatu. Taldea sendotzeko bidean, argi adierazi du oso beharrezko dutela «haragi freskoa» —fresh meat deitzen zaie iritsi berriei— eta probatzera joan nahi duen orok izango dituela ateak zabalik: «Interesa duen edonor etor daiteke astelehen eta asteazkenetan, 20:30ean Manteon egiten ditugun entrenamenduetara».
Jendearen interesa hauspotzeko, ordea, kirola bera ezagutarazi behar dela jakin badaki Trekuk: «Guk ez dugu futbolaren antzeko botere mediatikorik, baina feminismoarekin batera doala uste dut; antzeko puntuan dago; askotan, itzalean gaudelako».