Katalunia plazako soropila berrituko dute
Groseko Kataluniako plazan txukuntze lanak egingo ditu Donostiako Udalak. Zehazki, soropila txukundu eta birsortuko dute, belarrik gabeko gune ugari dituelako. Baita zulo txikiak ere.
Dagoeneko hasi direla baieztatu du Hiri Mantentze zinegotzi Carlos Garciak: “Belarra mozten hasi dira, belar txarrez kutsatuta baitago. Belarra arrasean moztu eta belar txar horiek erregailu batekin hiltzen dira. Beharrezkoa da eragiketa hori datorren astean errepikatzea, belar horiek eta haziak desagertuko direla ziurtatzeko. Prozesu hori amaitzen denean, lurra berdindu eta landu egingo da, eta kalitate oneko lur berria emango zaio”.
Hilaren 22an, berriz, plazako lursaila hesituko dute hilabete inguru. Lurra prest dagoenean, soropila osatuko dute, eta bi egunetik behin ureztatuko dira, hiru astez, betiere meteorologiaren arabera. Belar multzoak lurrean finkatzea da helburua. Lanak bukatzean kenduko dute hesia.