San Telmo museoak euskal artearen areto berritua aurkeztu du
San Telmo museoak bere erakusketa iraunkorra markatzen duen 1980ko hamarkadako muga gainditu du, sorkuntza garaikideari lekua egiteko. Hala, une honetan euskal artearen panoramaren parte diren artisten lanak sartu dituzte erakusketan. 100 urte. Modernoa eta /edo garaikidea izeneko erakusketa euskal artearen baitan dauden eta sorkuntza garaikideko lan guztiak sartzea dute helburu. Hori horrela, bi urtean behin gune berrituko komisariotza aldatuko dute.
Peio Agirrek du gunearen lehen komisariotza eta, azaldu duenez, beste erakundeetako piezekin eta jasotako dohaintzekin osatu dute erakusketa. “Ibilbide ez lineal” bat proposatzen dute Donostian, eta batik bat, Euskal Herrian, arteak izan duen ibilbidea kontatzeko: “Donostiatik Gipuzkoara, eta hortik Euskal Herri osora. Erakusketan obrei hitz egiten utzi nahi zaie, haien artean loturak eta elkarketak egiten dituen tapiz trinko batean konektatzeko”, azaldu du Agirrek.
XX.mendeko mugimendu berriei heldu heldu zieten artistekin abiatzen da erakusketa, eta hortik, belaunaldiz belaunaldi egindako ekarpena erakusten du aretoak. Besteak beste, Oteza, Lekuona, Zelaia, Gaur taldea, neokubismoaren ordezkariak (Gonzalo Chillida, Gracenea) eta espresionismoan gailendu ziren artistak (Herrero, Ameztoy, Nagel, Goenaga) ageri dira ibilbidean. Era berean, 1980ko hamarkadako Euskal Eskultura Berria delakoa eta 1990eko hamarkadako artista garaikideak ere barne hartzen ditu erakusketak: “San Telmo museoaren bildumaren aurkezpen honek berretsi egiten du museoak iraganeko memoriarekin eta orainaren garaikidetasunarekin duen konpromisoa”, adierazi du Agirrek.

