Argazkilaritza humanitarioak hartu du Okendo Kultur Etxea
Giza eskubideen urraketen erakusketa bat jarri berri dute ikusgai Groseko kultur etxean.
Luis Valtueña Argazkilaritza Humanitarioaren XXVI. Nazioarteko Sariaren argazki erakusketa egongo da ikusgai ekainaren 15era arte, Okendo Kultur Etxean. Udaleko Lankidetza bulegoaren, Donostia Kulturaren eta Giza Eskubideen Zinemaldiaren laguntzarekin ekarritako erakusketa da eta bost fotokazetariren lanak jasotzen ditu: Maria Clauss lehiaketako irabazlearena; Nazik Armenakyan, Santi Palacios eta Federico Rios finalistena, eta aipamen berezia jaso zuen Sashenka Gutierrezen kideareana.
Munduko Medikuak erakundeak 1997tik ematen du saria, eta “mundu osoko gizarte arazoak, bidegabekeriak eta giza eskubideen urraketak modu egiazkoan eta zirraragarrian erretratatzen dituztenen argazki bikaintasuna” aitortzen du urtero. Antolatzaileek azaldu dutenez, egitasmoak bi helburu nagusi ditu: batetik, jendea arazo sozialen aurrean sentsibilizatzea; eta, bestetik, herritarren mobilizazioa bultzatzea bidegabekeria desagerrarazten laguntzeko.
Sariak Munduko Medikuak erakundeko Flors Sirera, Manuel Madrazo, Mercedes Navarro eta Luis Valtueña kooperanteen izena darama; izan ere, gatazka armatuan dauden herrialdeetan ekintza humanitarioko lanak egiten ari zirela hil zituzten.