Egiako Zumy sarian junior mailako txirrindulari esanguratsuek parte hartuko dute
XXX. Gipuzkoa Klasikoa Ormaiztegin hasiko da larunbatean, eta bigarren etapa Donostian jokatuko da, igandean.
Donostiak bi txirrindularitza klasiko ditu. Uztailean jokatzen da profesionalen Donostiako Klasikoa, eta, apirilean, junior mailako Egiako Zumy saria. Azken urteotan Gipuzkoa Klasikoaren bigarren etapa bihurtu da, eta aurten ere hala izango da. Igandean, hilaren 21ean, jokatuko da Egian hasi eta bukatuta. Ziklista gazteek 104 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, 10:20ean abiatuta.
Dena dela, larunbatean hasiko da XXX. Gipuzkoa Klasikoa Ormaiztegin, lehen etaparekin. 93,6 kilometrokoa izango da, eta 10:30ean hasiko da lasterketa. Euskal Herriko hamalau taldek parte hartuko dute, eta tartean da Donostialdea Bizikletan. Nazioarteko taldeak, berriz, hamazazpi izango dira, eta horietako batzuk esanguratsuak dira: Groupama FDJ, CREF Pays de la Loire, WWW Hagens Berman-Jayco, Waasland Wolves Mix Team, Education First Onto, Tofauti Everyone Active eta Zappi Race Team.
Iazko Zumy Saria bi txirrindulari ingelesen artekoa izan zen. Alex Beldon (Anexo Group Race Team) eta Matthew Cole (Zappi Race Team) nor baino nor aritu ziren azken kilometrotan, eta lehenak altxa zituen besoak Egiako helmugan. Clement Dubois (CREF Pays de la Loire) frantziarra izan zen hirugarren. Donostialdea Bizikletaneko lehen sailkatua Aimar Alarcia donostiarra izan zen, 63. postuan.
Sailkapen nagusia, berriz, Cole-k eskuratu zuen, Beldon eta Tomos Pattinson-en (Tofauti Everyone Active) aurretik. Alarcia bera izan zen Donostialdea Bizikletaneko txirrindulari onena, 72. tokian bukatuta.