Nafarroako Gobernuak Mikel Zabalza biktima gisa onartu du
Nafarroako Gobernuak urrats historikoa eman du, eta lehen aldiz aitortu ditu, ofizialki, Poliziaren eta Estatuaren indarkeriaren biktimak. Nafarroako Gobernuak ez du oraindik izenik eman, baina gutxienez hamabi pertsonari aitortzen zaie giza eskubideak urratu zaizkiela, eta, beraz, errekonozimendu publikoa eta ofiziala merezi dutela, erreparazioari eta memoriari dagokienez. Hainbat hamarkadatako herri borrokaren eta hainbat oztopo judizialen ondoren iritsitako lehen errekonozimendu horiek.
Aintzatetsitako hamabi pertsonen artean dago Mikel Zabalza, Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean torturaz eraila. Bertsio ofizialak oraindik esaten du itota hil zela Bidasoa ibaian ihes egin nahian zebilela. Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak, ospe handiko profesionalek osatua, bertsio hori errefusatu du orain, eta frogatutzat jo du heriotza polizia bulegoetan gertatu zela.
Mikel Zabalza Herri ekimenak urteak darama egia, errekonozimendua eta erreparazioa eskatzen. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, honezkero onartu dute estatuaren biktima izan zela Mikel Zabalza. Nafarroako Gobernuak behin onartuta, Espainiako Estatua da oraindik errekonozimendurik ematen ez duen erakunde bakarra.