Asteburuan aberriratuko dute Thailandian pankreatitisak jota dagoen gaztea
Alexander Garcia Thailandian pankreatitisak jota gaixo dagoen donostiarra Euskal Herriratzeko hegazkina asteburu honetan abiatuko da Torrejon de Ardozeko basetik (Madril).
Hegaldi militarra da, eta ahalik eta diskrezio handienarekin prestatzen ari dira. Defentsa Ministerioa eta talde diplomatikoa logistika eta baimenak prestatzen ari dira, Espainiako Armadaren hegazkin militar medikalizatuak beste estatu batzuetan lurreratu eta hegaldia gaixoaren larritasunera egokitu beharko baitu.
Azaldu dutenez, Defentsa Ministerioa “ahalik eta gehien” azkartzen ari da familiaren eskaerari erantzuteko behar diren tramite guztiak. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak jakinarazi duenez, oraindik ez dago gaixoa aberriratzeko datarik, bidaia “ez baita erraza”, baimen “dezente” behar dituelako.