Hiriko paisaia euskalduntzeko dirulaguntzak
Donostiako Udalak hiriko errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzak onartu berri ditu. Aurreko urteetan bezala, hiriko merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduen errotulu nagusiak, toldoak, ibilgailuak, barruko seinaleztapen euskarri finkoak, poltsak edo ahozapiak lagunduko ditu diruz, euskaraz edo elebietan jarriz gero. Dirulaguntza eskatzeko epea urte amaiera arte izango dute zabalik.
«Harategia», «inprimategia», «hortz-klinika», «tabakoak», «estetika-zentroa», «jantzi-denda», «taberna»… Askotarikoak dira hiriko establezimenduetako errotuluetan topatu ditzakegun terminoak. Oharkabean pasa daitezkeen arren, hiriko hizkuntza paisaiaren eta gure egunerokoaren parte dira. Kafe baten bila goazenean, lagun artean bazkaldu edo erosketak egin behar ditugunean ikusten ditugu eta mezu horiek hizkuntzaren normalizazioan eta erabileran dute eragina.
Izan ere, denda, taberna, entitate edo enpresa batera sartzean, errotulazioak garrantzia handia du bezeroak erabiliko duen hizkuntza aukeratzeko orduan. Lehen hitza euskaraz egitera eta langile euskaldunekin euskaraz aritzera animatzen gaitu errotulazioa euskaraz duen establezimendu batek. Hori horrela, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak dirulaguntzak baliatu nahi ditu establezimenduek errotulazio elementuak euskaraz jar ditzaten.
Dirulaguntzak eska ditzakete Donostian merkataritzako edo ostalaritzako establezimendua edo beste zerbitzu batzuk emateko establezimendua dutenek. Zehazki, honako hauek dira dirulaguntza izan dezaketen elementu edo euskarriak: establezimenduen kanpoko errotulua —errotulu nagusia, toldoa, erakusleihokoa— edo ibilgailuarena eta baita establezimendu barruko errotuluak ere; hala nola, menua, karta, katalogoak, poltsak, ahozapiak, opari txartelak eta etiketak, besteak beste.
Udalaren dirulaguntzak arautzen dituzten oinarrietan jasota dator errotulazio elementu bakoitzak jaso dezakeen gehienezko dirulaguntza. Dirulaguntzak, gainera, desberdinak izango dira barruko edo kanpoko errotulazioa izan, edo euskaraz soilik ala elebidunak izan.
Adibidez, kanpo errotuluaren eta barruko idatzizko euskarri finkoen kasuan, euskaraz soilik jartzen badira, gastuaren oinarri ezargarriaren %60ko diru laguntza jasoko dute interesdunek, betiere 600 euroko mugapean. Euskaraz eta gaztelaniaz jartzeagatik, berriz, gastuaren %30eko laguntza emango zaie, betiere 300 euroko mugapean.
Dirulaguntza jasotzeko baldintzak
Dirulaguntza jasotzeko hainbat baldintza bete beharko dituzte establezimendu eskatzaileek. Lagundutako errotulazio elementuak zuzen idatzita egon beharko du; hau da, ezin izango du akats gramatikalik edo ortografikorik izan. Eta hizkuntzaren zuzentasuna bermatzeko, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak doako itzulpen eta aholkularitza zerbitzua eskainiko die.
Halaber, euskaraz eta gaztelaniaz grafia berdintsua duten terminoak soilik euskaraz idatziko dira errotuluan; errotuluek egonkorrak beharko dute izan, hots, aldi baterako pankartak edo euskarriak ezingo dira dirulaguntza eskaerara aurkeztu. Eta, era berean, izen propioa, toponimoa, akronimoa eta abizenak soilik dituzten elementuek ere ez dute diru laguntzarik izango.
Dirulaguntza emateko garaian, Euskara Zerbitzukoek kontuan izango dute establezimenduaren hizkuntza paisaia osoa. Horrela, bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direnean, euskararen presentziak gaztelaniaren edo beste hizkuntzen parekoa izan beharko du.
Aurten 10.000 euro bideratuko dira errotuluak euskalduntzeko dirulaguntzetara. Nolanahi ere, eskaeren zenbateko osoak aurrekontuan gordetako kopurua gainditzen badu, kreditua handitu egingo dute. Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok nahiz pribatuk —estatukoa, europarra edo nazioartekoa— ematen dituzten beste dirulaguntza, sarrera edo baliabideekin.
Laguntzak eskatzeko epea urte amaierara arte izango da zabalik, eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: euskara zerbitzuak luzatutako eskabide-orria, behar bezala beteta; errotuluaren faktura originala eta ordainagiria; eta errotuluaren argazkia. Eskaerak Donostia.eus eta Donostiaeuskaraz.eus/merkatari webguneetan ere egin ahal izango dira.