Kontxako pasealekuko baldosak aldatzen hasi dira
Gaur hasi dituzte Kontxako pasealekuko baldosak berritzeko lanak. Bi fasetan egingo dute obra. Lehenak Kontxako kabina kolektiboen parean dagoen espaloi zatia hartzen du, erlojuen eremuraino. 570 metro koadro inguru ditu. Oinezkoentzako sarbidea itxi dute, eta lanek bost aste inguruko iraupena izango dute, betiere baldintza meteorologikoei lotuta. 32.384 euroko aurrekontua du.
Uda pasatu ondoren egingo dute bigarren fasea. Erlojuetatik Cafe de la Concha tabernaraino bitarteko zatia da berrituko dutena. Eremu horretan baldosa hexagonala dago. Bigarren jarduera honek 985 metro koadro hartzen ditu, zazpi asteko obra epea izango du, eta 55.084 euroko inbertsioa egingo du udalak.
Lanak bukatzean Kontxako pasealeku osoak baldosa berberak izango ditu. Izan ere, gaur egun bi baldosa mota daude: antzinako gris karratua eta baldosa hexagonal zuria.