Iñigo Llopisek urrea eskuratu du Europako txapelketan
Iñigo Llopisek urrea eskuratu zuen atzo, Madeirako Europako Txapelketako 100 bizkarreko S8 (desgaitasun fisikoa) proban, lasterketa irauli ondoren. Donostiarrak Bohdan Hrynenko ukrainarra gainditu zuen buruz burukoan, eta bere txanda lehen postuan bukatzeaz gain, bi txandetako igerilari azkarrena izan zen.
Laugarren kalean egin zuen igeri arratsaldeko proban, eta hasieratik jarri zen aurretik. Lehen 50 metroak 32.23 segundoko denborarekin egin zituen, eta aurkari zuzenak baino bi segundo lehenago ukitu zuen horma. Bigarren 50 metroak 1:06.25eko denborarekin bete zituen, podiumeko lehen postua eskuratuta. Mark Malyar israeldarra (1:07.57) eta Bohdan Hrynenko ukrainarra (1:08.87) izan zituen lagun, bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren.
Iñigo Llopisek bere egin du bizkar estiloko 100 metrokoa proba eta horren adierazle dira kategoria horretan lortutako emaitzak: lehen domina 2021eko Tokioko Jokoetan eskuratu zuen, bigarren sailkatuta, 2022ko nazioarteko txapelketan bigarren zilarra eskuratu zuen; eta 2023an, Manchesterren, lehen urrea eskuratu zuen, 1:05.32ko denbora eskuratuta.
Europako txapelketako lehen domina eskuratuta, Funchaleko Olympic Pools Complex igerilekuen arituko da gaur ere, tximeleta estiloko 100 metroen kategorian lehiatuko baita Llopis. Nahia Zudairek, berriz, bular erako 100 metroko proban hartuko du parte.