Donostian amaituko da Itzulia
Maiatzaren 10etik 12ra jokatuko den Itzuliaren xehetasun batzuk argitaratu dituzte, eta Donostian izango du helmuga Euskal Herrian jokatzen den emakumezkoen txirrindularitza proba nagusiak. Abiatu, aldiz, Gasteiztik abiatuko da, eta hiru etapatan 358 kilometro eginda iritsiko da Bulebarrera. Hirugarren urtez antolatu dute Itzulia, eta inoizko menditsuena izango da, bederatzi mendate igoko baitituzte korrikalariek: lehen mailako bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako sei.
Gasteiztik Elgoibarrera joango da lehenengo etapa, 140 kilometro eginda eta Olaetako (hirugarren mailakoa), Azkarateko (bigarren mailakoa) eta Itziarreko (hirugarren mailakoa) mendateak igota. Bigarren etapa, aldiz, Basaurin hasi eta bukatuko da; 104 kilometro egingo dituzte eta Sarasolako (hirugarren mailakoa), Aratxabalganeko (hirugarren mailakoa) eta Urruztigainako (bigarren mailakoa) mendateak igoko dituzte.
Hirugarren etapa erabakigarria, aldiz, Donostiako Klasikoaren antzekoa izango da, hirian hasi eta bukatuko baita. 114,9 kilometro egingo dituzte, eta Jaizkibelgo (lehenengo mailakoa), Gurutzeko (hirugarren mailakoa) eta Mendizorrotzeko (bigarren mailakoa) mendateak igoko dituzte. Jaizkibel Lezotik igoko dute, eta Mendizorrotz Murgileko aldapa entzutetsutik. Murgilen, aurreikusten da txirrindulari indartsuenek euren maila erakutsi eta tartea irekiko dutela gainontzekoekin. Handik Oriora jaitsiko dira, eta Donostiarainoko kilometroak erlojupeko baten modukoak izango dira, horrela erabaki dadin lasterketa.
Parte hartzaileak, hurrengo astean
Ibilbidea bai, baina parte hartzaileak oraindik ez dituzte iragarri antolatzaileek, hurrengo astean emango baitute horien berri. Hala ere, Itzuliak World Tour izendapena dauka, eta, beraz, ziurra da hogei talde lehiatuko direla, tartean, World Tour mailan dauden hamabostak. Euskal taldeek dagokienez, Laboral Kutxa eta Movistar arituko dira Euskal Herriko Itzulian.