Hegaztiak jaiotzen hasi dira Parkea Biziriken habia-kutxetan
Parkea Bizirik elkarteak 1990. urtetik darama Donostiako zein inguruko udalerrietako landa eremuetan habia-kutxak jartzen eta horietan jaiotzen diren hegaztien inguruko datuak biltzen, eta, elkarteak jakinarazi duenez, aurtengo kumaldietako txitak jaiotzen hasi dira dagoeneko: “Donostiako Ulia mendian, Astigarragan, Oreretan eta baita Aiako Harriko Parke Naturalean ere. Habia-kutxetan. Urubiak, kaskabeltzak, amilotxak… Buru-belarri lanean aritu dira. Bidaia mordoa. Horko harkaitzera goroldioa erauztera. Hango belardira ardien artilea biltzera. Zaldien zurden ilea ere habia estaltzeko, ondo datorkie. Gero errunaldia. Inkubazioaren inguruan, ganora eta zorroztasuna. Jaio dira. Beldurraren beldurrez, intsektuak eta beren larbak dardarka ari dira. Ez dute beren dietaren zati bat osatu nahi, baina osatu egiten dute”.
Gainera, gero eta jende gehiago habia-kutxen inguruan interesatzen ari dela nabarmendu dute: “Nonahitik galdetzen digute. Habia kutxak eskegi eta mantendu nahi dituzte, Naturari lagundu eta gozatu. Lasarten, Lezon eta Pasaian, Intxaurrondon, Berion eta Txoritokietan. Gabiria eta Galipentzu, gehitu. Landetan eta Biarnon. Naturaren aldeko mezua igortzen eta hedatzen ari da. Berri onak emanez, haien argazkiak sakelako telefonoz telefono lau haizetara partekatzen dituzte. Jendearen emaitzak dira. Zoriontasunaren emaitzak”.