Maiatzaren 6an irekiko dute udako ikastaroetako izen ematea
Donostia Kirola erakundeak prest dauka udako ikastaroen programa, eta maiatzaren 6an irekiko du izena emateko epea. Hiriko 33 kirol entitaterekin batera prestatu dute programa, eta ikastaroak ekainaren 24an hasi eta irailaren 6an amaituko dira. Ikastaroak bi talde handitan banatuta daude: 16 urte arteko ikasleentzakoak eta gazte eta helduentzakoak. Izen emateak Donostiakirola.eus webgunearen bidez egitea gomendatzen du udalak, baina aurrez aurre ere egin ahal izango dira, zerbitzu hori eskaintzen duten erakundeetan.
Udalak azaldu duenez, “kanpaina honetan gehien eskatzen diren ekintzak kirol anitzekoak, surfa, igeriketa, tenisa eta piraguismoa dira. Espero izatekoa denez, itsasoko ekintzek (surfa, bodyboarda, SUPa, eta abar) estimazio handia izaten dute garai honetan. Ikasleen artean, kirol anitzeko ekintzek lehen aukera izaten jarraitzen dute. Ikastaro horiek goiz oso bat edo are egun oso bat hartzen dute, eta kirol mota desberdinak konbinatzen dituzte, bai eta hizkuntzen irakaskuntza edo beste ekintza osagarri batzuk ere. Iaz, 2023an, kanpainan parte hartu zuten ikasle guztien %30ak horrelako ekintzetan eman zuten izena”.
Hala ere, beste hainbat jarduera mota ere jarriko dituzte aukeran, hala nola, arraunketa, arku tiroa, urpekaritza, bela, mendiko bizikleta, eskalada, skatea, eskrima, hipika, padela, eta abar. Horrez gain, aurten, ikastaro hauek estreinakoz eskainiko dituzte: futboleia; pickleballa; Mundaizko ontziralekutik abiatuta, ibaian egitekoak diren kirol jarduerei buruzko ikastaro bat eta salbamendu eta sorospen ikastaroak, Zurriolan.
Izen ematea, faseka
Maiatzaren 6tik 9ra egingo dute ikastaroetako izen ematearen lehenengo fasea, udalak azaldu duenez: “Fase honetan, pertsona bakoitzak behin-behineko izen emate bakarra egin ahal izango du ikastaro berean, baina lau ikastarotan eman ahal izango du izena, gehienez. Izen emateak taldean ere egin ahal izango dira, eta ikastaro bakoitzean, gehienez, lau pertsona onartuko dira. Behin-behineko izen emate horiek, taldean egindakoek, zenbaki bakar batekin parte hartuko dute zozketan, eta emaitza bera izango da taldeko kide guztientzat”.
Behin-behineko izen emateek maiatzaren 10ean egingo den zozketan parte hartuko dute, eta plaza lortzen dutenek astebeteko epea izango dute ordainketa egin eta, horrela, izen ematea berresteko. Ondoren, bigarren fasea maiatzaren 27an hasiko da, eta, egun horretatik aurrera, izen-emateak zuzenean egin ahal izango dira plaza libreren bat duten ikastaroetan.