EHU Palestina elkarteak Israelgo estatua gaitzetsi dezala eskatu dio unibertsitateari
Hilaren 30ean, 13:00ean , HEFA I-eko 1.1 gelan egingo duten batzarrean parte hartzera animatu dituzte EHUko ikasle zein langileak.
EHU Palestinak elkarretaratzea egin zuen astearte eguerdian, EHUri Israeleko Estatuarekin eta haren erakundeekin duen harremana eten dezan eskatzeko. Ohar bidez jakinarazi dutenez, EHUko ordezkariei Palestinako genozidioa salatu dezatela exijitu diete, baita Palestinako genozidioa salatu dezatela ere.
Oharrean azaldu dutenez, halaber, Poliziaren presentzia gero eta handiago da Ibaetako campusean, eta asteartean ere, mobilizazioan parte hartzen ari zen kideetako bat identifikatu zuten, argudio zehatzik gabe: “Ez dakigu Ertzaintzak errektoretza taldearen deia aitzakia moduan erabili duen edo benetan deitu duten”, azaldu dute EHU Palestina elkarteko kideek.
Palestinaren aldeko elkarteak nabarmendu duenez, egoera oso larria da, eta honen aurrean, jarrera falta nabarmena du Euskal Herriko Unibertsitateak; ez du egoera salatzen, ezta neurriak hartzen ere. Hala, Palestinako genozidioaren aurrean erantzun bateratu bat emateko hilaren 30ean, 13:00ean , HEFA I-eko 1.1 gelan egingo duten batzarrean parte hartzera animatu nahi dituzte EHUko ikasle zein langileak.
EHU Palestina
EHUko ikasle eta unibertsitatean dauden askotariko sektorek osatzen dute EHU Palestina elkartea. Besteak beste, Palestina estatuaren aitortza bultzatu, eta bere herritarrek jasaten duten genozidioa irmo eta publikoki gaitzestea dute xede nagusi. Hala, berehalako su etena eskatzen dute Gazako eskualdean, baita Israelgo estatuarekin harremana duten erakunde unibertsitate eta enpresekin harreman oro etetea.