Lurperatutako ondarearen aldarria
LA CHIMERA
Zuzendaria: Alice Rohrwacher.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Italia.
Fabula itxura duen Lazzaro felice (2018) filmarekin ezagun egin bazen ere, bere aurreko lanak berrikusiz nabarmen sentituko dugu Alice Rohrwacherren pertsonaiek transmititzen duten hurbiltasuna eta goxotasuna. Ameslariak dira (zentzurik utopikoenean), inozentzia puntu batekin bizi duten errealitatea eraldatu eta ongizate indibiduala zein kolektiboa bilatzen duten funanbulista abegikorrak. Eta, noski, horrelakoxeak dira La Chimera-n aurkeztuko dizkigun Arthur (Josh O’Connor) eta bere tombaroli bandako kideak, antzinako hilobi etrusko eta aztarnategien lapurrak. 80ko hamarkadan girotuta, lan egiteari utzi eta ahalegin handirik egin gabe —lortutakoak merkatu beltzean salduta— aberastea dute bizimodu.
Gaur egun, sortzaile gutxi batzuek soilik duten askatasunez dihardu alemaniar jatorriko sortzaile italiarrak, kontzientzia politiko eta sozial kritikoa sendo mantentzeko gaitasuna erakutsiz. Pietro Marcello eta Francesco Munzirekin batera zuzendutako Futura-n (2021) ez bezala, non, gazteria italiar garaikidearen gogo aldartearen erradiografia zuzena proposatu zuen, oraingoan, lur azpian mamituko da bistaratu nahi duen gizartearen bulkada merkantil eta kapitalistaren gaitza: hilobiak eta altxorrak «pobreziatik atera gaitzaketen lurperatutako pasaporteak» dira pertsonaien esanetan, baina Italiaren identitatearen eta antzinako zibilizazioen (etruskoak eta erromatarrak) ondarearen jabetzaz hausnartzeko balio izan diote Rohrwacherri.
La Chimera-n, berezkoa duen idazkera liriko eta poetikoarekin logika narratiboak hautsi ditu beste behin. Mamu izaera duten tombaroli lapurren kontaketa homerikoak kantuen bidez egingo du aurrera, kamera analogikoen —33 mm, Super16 mm eta 16 mm— arima hilezkorra beti lagun. Bada, lehen instantzian errealismo gordina iradokitzen duten irudiek alegiazko mundura egingo dute aldaketa, konturatu orduko, bertatik ihes egiterik izango ez dugun dimentsio magikora. Eta nahi ere ez, egiatan.
Lapurreta, negozio ilun, azpijoko eta festak ez dira faltatuko filmean, baina sentimenduei ere tokitxoa egin die. Gaizkile txikiak izanagatik ere, beste ezer baino lehen, gizatiarrak baitira pertsonaiak. Arthur protagonistak noizbait galdutako eta deliriopean soilik aurki dezakeen Beniamina maitearen bilaketa modu eliptiko eta isilean kontatuko du Rohrwacherrek, eta guk ere gure desira, ilusio eta ametsen alde egin dezagun gonbidatuko gaitu. Gure chimera propioan sinistu dezagun.
Bada, La Chimera-ko protagonistaren azalean jarriko da zinemagilea, bera ere, nola edo hala, arkeologoa baita. Italiaren historia berreraikitzen eta berrinterpretatzen ari da bere sorkuntzari esker —Le meraviglie (2014) eta Lazzaro felice-rekin batera nolabaiteko trilogia landatarra itxiko du filmak—, baina ez hori soilik, herrialdeko zinemagintzaren gizatasuna eta nostalgia erromantikoa aldarrikatzeko ariketa ekarri digu bere azken lan honetan: Federico Felliniren festa giroko mundu bitxi eta xelebrea, Pier Paolo Pasoliniren antiheroi periferikoak, Ettore Scolaren brutti, sporchi e cattivi marjinalak, zein Roberto Rosselliniren ikusmira espirituala.
Azken honen alaba Isabella Rossellini aktoreak, gainera, sinbolismoz betetako aitortza miretsia dauka La Chimera-n, italiar historia, zinemagintza, eta orokorrean, kulturalaren lotune bilakatuko baita haren pertsonaia mistikoa. Gauzak horrela, Rohrwacherrek bere herrialdearen iraganarekiko eta ondarearekiko duen maitasuna partekatu nahi izan digu, errealismo magikoz blaitutako unibertso zoragarrian gu murgilduz.