Scientia Karmelo ikastetxeko langileek lanuztea egin dute eskolaren itxiera salatzeko
Elkarretaratzean, eskolaren itxieraren atzean dauden interes ekonomikoak salatu dituzte langileek eta iragarri dute, aldarrikapenak onartu ezean, mobilizazioekin jarraituko dutela.
Langileek elkarretaratze gehiago egingo dituzte datozen egunetan. ELA Donostiako Karmelo ikastetxeko langileek lanuztea egin dute ELAk deituta 10:00etatik 12:00etara, ikastetxearen itxieraren aurka. Gutxiengo zerbitzuak bermatuta, ikastetxeko 42 langileen gehiengo zabala gehitu da lanuztera, eta kontzentrazioa egin dute eskolaren aurrean.
Elkarretaratzean, euren lanpostuak eta lan baldintzak defendatzea eskatu dute. Izan ere, Scientia School enpresak ikastetxea —eraikina barne— erosi zuen orain bost urte, eta 2024 urte hasieran iragarri zuen ikasturte amaieran ikastetxea ixteko asmoa. Langileen azaldu dutenez, bertako profesionalei ez zaie inolako irtenbiderik proposatu, eta itxierarako beharrezkoa den informazio eta dokumentazioa ere ez dute haiekin partekatu.
Are gehiago, langileek aditzera eman dutenez, ikasturte hasieratik arazoak dituzte soldatak jasotzeko.
Ohar bidez jakinarazi dutenez, “langile batzuei azken bi hilabeteotako soldata zor zaie, eta beste askok antzeko arazoak izan dituzte ikasturtean zehar”.
Ikastetxearen erosketa eta itxieraren atzean interes ekonomikoak daudela uste dute langileek, eta kritikatu dute, Kristau Eskolak eta Hezkuntza Sailak ez dutela horren aurkako nahikoa neurri ezarri. Hala, hezkuntzarekin negozioa egiteari uzteko eskatu dute, eta hezkuntza Sailak itundutako zentroa negozio eta enpresa interesetatik at mantentzea.
Itxieraren aurrean, sei greba egun deitu dituzte maiatzaren 7, 8, 9, 14, 15 eta 16an eta aurreratu dute, euren aldarrikapenak onartu ezean, mobilizazioekin eta greba egunekin jarraitzeko asmoa dutela.

