Zientzia museoak haurrentzako udako jardueren izen ematea ireki du
Udaberriarekin batera, Eureka! Zientzia Museoaren antolatzaileak udako jardueren prestaketan murgildu dira, eta gaur ireki dute horietan parte hartzeko izen-ematea. Zehazki, 4 eta 10 urte bitarteko haurrentzako Zientzia Txokoan, 8 eta 14 urte bitartekoentzako udaleku teknologikoetan eta 8 eta 12 urte bitartekoentzako astronauten akademian parte hartzeko aukera izango dute etxeko txikiek udako oporraldian.
Zientzia Museoa jolasteko, ikasteko eta ondo pasatzeko leku bat dela baieztatu dute antolatzaileek, eta hala, eduki teknologiko eta ludikoa tartekatzen duen eskaintza bermatzea dute xede. Horretarako, besteak beste, esperimentuak eta jarduera dibertigarriak tartekatzen dituzte.
Jardueren ordutegia 9:00etatik 13:30era izango da, eta jangela zerbitzua ere izango dute, 15:00ak arte. Era berean, zaintza zerbitzua izango dute uztailean eta iraileko lehen astean, 8:00etatik aurrera.