Jardun Koordinadorako hainbat lagun identifikatu dituzte okupazio baten ondoren
Ertzaintzak hiru lagun identifikatu eta beste bat ikertu du Parte Zaharreko lokal bat okupatzen saiatzeagatik. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, agintaritzarekiko desobeditzea egotzita diete lau lagunei.
Gertaera atzo jazo zen, 14:00ak aldera, Jardun Koordinadoraren manifestazioaren ostean. Donostiako Jauregi Jeneralaren kaleko bosgarren zenbakian dagoen lokala okupatzen saiatu ziren mugimenduko hainbat kide. Ertzaintzak jakinarazi duenez, hainbat lagun sartu ziren bertara, eta agenteek identifikatu egin dituzte. Jarduneko kideek hedabide honi baieztatu diotenez, Ertzaintza kideak kanporatzen saiatu da birritan: “Bizilagunak kexatu zirelaren aitzakiapean, gutariko bat ateratzeko eskaerarekin agertu ziren”. Kideek baieztatu dutenez, baina, gaua lokalean igaro dute eta orduotan bertan jarraitzen dute.
Manifestazioan, kapitalaren erakundeetatik aldentzeko deia luzatu zuen koordinadorak, hori baita, mugimenduaren arabera, esplotazioarekin eta zapalkuntzarekin amaitzeko bide bakarra. Bide horretan, beharrezkoa ikusten dute Euskal Herriko klase eraikuntza nazionalari bultzada ematea, “tokian tokiko baliabideekin, eta unean uneko indarraren arabera”. Hala, teoriatik praktikara pasatzeko erabakia hartuta, lokal bat okupatu zuten Parte Zaharrean.