Ligako bi talde onenen artetik bakarra iritsiko da finalera
Bera Berak Malaga hartuko du bihar Gaskan, titulurako finalerdien lehen norgehiagokan (19:00).
Bederatzi puntu atera zizkion Berak Bera lehenak (39) Malaga bigarrenari (30) ligaren fase erregularra bukatzean. Alde horrek ez du balio finalerdietarako, eta, gainera, bi taldeen maila nahiko parekoa da. Sasoi honetan hirutan aritu dira elkarren aurka. Lehenik, Espainiako Superkopako finalean berdindu egin zuten (28-28), nahiz eta penaltietan donostiarrek eskuratu titulua. Bigarrenik, ligako lehen aurrez aurrekoan andaluziarrek irabazi zuten (26-21). Hirugarrenik, ligako bigarren neurketan donostiarrak gailendu ziren (25-21). Hortaz, partida ona jokatu beharko dute bihar Gaskan errenta polita lortzeko, eta Malagan izango den bigarren partidan finalerako txartela ziurtatzeko.
Futbolean, Realeko mutilek atzera kontaketa beraien alde jartzen ahaleginduko dira. Bost neurketa falta dira liga bukatzeko, eta Europara sailkatzeko prezioa nabarmen garestitu zaio talde txuri-urdinari. Horregatik, bihar eguerdian bai ala bai irabazi behar diote Las Palmasi (14:00). Izan ere, Betisek eta Valentziak ez dute huts egiteko asmorik izango. Gainera, zeharka erreparatu beharko diote Vila-realek egiten duena. Neskek, berriz, Levanteren zelaian jokatuko dute etzi (12:00), eta jakina da Kopako finalera begirako prestakuntza gisa har dezaketela. Era berean, Natalia Arroyo entrenatzailearen despedidaren hasiera izango da, ekainaren 30ean kluba utziko duelako.
Belar hockeyan, aste tarteko partida jokatu zuten Realak eta Donostiako Atletikok Maiatzaren Lehenean. Txuri-urdinek berdindu egin zuten Egararen zelaian (2-2), eta horrela atzean utzi aurreko jardunaldiko porrot mingotsa. Bihar, ordea, irabaztea tokatzen da, eta Junior izango dute parez pare, Zubietan (13:30). Donostiako Atletikok beste behin ere galdu egin zuen Jolasetaren aurka, baina hiru gol egin zituzten (3-6). Normalean ez dituzte horrenbeste gol egin denboraldi honetan. Etzi, Polori beste hainbat egiten saiatuko dira (13:00).
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketi bi jardunaldi geratzen zaizkion liga erregularra bukatzeko. Alacanten aurka ariko dira gaur Illunben, 20:30ean, titulurako kanporaketetara sailkatzeko helburu bakarrarekin.
PARTIDAK
Eskubaloia
Ohorezko maila, titulurako finalerdiak (joanekoa)
- Bera Bera – Malaga (bihar, maiatzak 4, 19:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 34. jardunaldia
-
Reala – Las Palmas (bihar, maiatzak 4, 14:00)
Emakumezkoen liga, 26. jardunaldia
-
Levante – Reala (etzi, maiatzak 5, 12:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 20. jardunaldia
-
Reala – Junior (bihar, maiatzak 4, 13:30)
Gizonezkoen liga, 20. jardunaldia
-
Polo – Donostiako Atletiko (etzi, maiatzak 5, 13:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 33. jardunaldia
-
Gipuzkoa Basket – Alacant (gaur, maiatzak 3, 20:30)