Illunbeko zezenketa onena saritzeari uzteko eskatu dio Eguzkik udalari
Espainiako Kultura Ministerioak iragarri duenez, Tauromakiako Sari Nazionala emateari utziko diote. Donostiako Udalari gauza bera egiteko eskatu dio Eguzki talde ekologistak. Izan ere, Illunbeko zezenketetan egindako faena onenari Urrezko Maskorra ematen dio udalak. Ernest Urtasun Espainiako Kultura ministroak adierazi du gero eta jende gutxiagok ulertzen duela “animaliak torturatzeari sariak ematea”.
Eguzkik gogoratu du “festa” deitzen dioten hori “sei zezen jendaurrean hil arte torturatzea” dela; “Ez zaigu iruditzen hori inolaz ere sari publikoen bidez sustatu behar denik”. Horiek horrela, udalari eskatu diote Urrezko Maskorra emateari uko egitea. “Eneko Goia alkateak dio zezenketak enpresa pribatu baten kontua direla, udalak ez duela horrekin zerikusirik. Halere, Goiak sinetsarazi nahi digunaren kontra, udala ez da kontu honetan eragile neutrala, ezinbesteko kolaboratzailea baizik. Izan ere, enpresa pribatu batek Illunben zezenketak antolatzen ditu udalak instalazio horiek esku-eskura ipintzen dizkiolako”, kritikatu du talde ekologistak.