Harria eta Bertsolari Txirrita parkeetan berrikuntzak egingo dituzte
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Altzako bi parketako berrikuntzak onartu ditu, Harria parkekoa eta Bertsolari Txirrita parkekoa, hain zuzen ere.
Alde batetik, Harria parkeko haurrentzako jolasetan ehunezko estalki bat jarriko dute, eta lanak kontratatzeko espedientea onartu dute gaur, 277.460 euroko lizitazio aurrekontuarekin eta hiru hilabeteko egikaritze epearekin. Jokoak euritik behar bezala babesten direla ziurtatzeko, joko eremua baino handiagoa den ehunezko estalkia planteatzen du udalak. Gune estaliak 180 metro koadroko azalera izango du, eta mugak perimetroan dagoen zuhaiztiak baldintzatuko ditu. Era berean, joko eremuan dagoen kautxuzko zoladura berrituko dute. Bestalde, argiak jarriko dituzte ehunezko estalki berriaren azpian, jolas eremua behar bezala argiztatzen dela bermatzeko, Eneko Goia alkateak azaldu duenez.
Bertsolari Txirrita parkeari dagokionez, Electro Talleres Zarauz, S.A. enpresari adjudikatu dizkiote haur parkea berritzeko kontratua, 47.521 euroko aurrekontuarekin eta hamabi asteko egikaritze epearekin. Alkateak azaldu duenez, kontratuak barne hartzen ditu joko berrien hornidura, garraioa eta muntaketa, Udala modeloko kartela eta espezialistek egindako segurtasun zoladura, baita lanak egiteko behar den edozein kontzeptu ere. Kontratua ezin izango da hasi jolas eremua estaltzeko proiektuari dagozkion obrak amaitu baino lehen.