Zazpigarren Euskara Plana onartu dute
2023-2027ko aldian indarrean egongo den Donostiako Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, udalaren zazpigarren Euskara Plana. Horren inguruko xehetasun gutxi eman ditu Eneko Goia alkateak prentsaurrekoan, baina nabarmendu du planak jasotzen duen “helburu azpimarragarriena erabilerarena” dela: “Administrazioan egunerokoan erabilia izango den hizkuntza bat izatea nahi dugu”.
Bestalde, hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak ere onartu dituzte; denboran irauteko tresna dira, eta planaren iraupenak ez du haien indarraldia baldintzatuko. Halaber, udaleko langileak euskara ikastaroetara joateko baldintzak ere onartu dituzte, 2027-2028ko ikasturtera arte indarrean egongo direnak.