Sei ordutan agortu dira Behobia-Donostia lasterketarako izen emateak
IRUTXULOKO HITZAn dortsal bat eskuratzeko aukera dute oraindik Hitzakideek.
Behobia-Donostia lasterketarako izen emateak sei ordutan agortu ziren atzo, aurreikuspen guztien gainetik. Sei ordutan, 17.300 izen emate egin zituzten azaroaren 10ean egingo den lasterketarako, eta agortu egin ziren libre zeuden dortsal guztiak. Izan ere, lehenengo fasean, 9.490 parte hartzailek eman zuten izena.
Aurtengo Behobia-Donostian, 27.000 dortsal jarri dituzte eskuragarri; hots, ohi baino 3.000 gutxiagok. Irteerara joateko trenbide zerbitzua txikiagoa izango delako hartu dute erabaki hori antolatzaileek, parte hartzaileen erdiak garraiobide hori erabiltzen baitu.
Lasterketa honetan lehen aldiz gertatu da izen emateak hain azkar agortzea. Iaz, lehen egunean 8.300 dortsal saldu zituzten (ordura arteko kopururik handiena), eta aurten, sei orduan 17.300 saldu dituzte.
IRUTXULOKO HITZAn dortsal bat eskuragarri
Gogoratu hedabide honetan Behobia-Donostia lasterketarako dortsal bat zozketatzen ari garela. Ostiralera arte parte hartu ahal izango duzue esteka honetan. Zorte on!