Aspaceko langileen laugarren greba egunak «erabateko jarraipena» izan du
Sindikatuek greba egunaren balorazio baikorra egin dute eta aurreratu dutenez, langileen aldarrikapenak onartu ezean, mobilizazioekin jarraituko dute.
Erosahalmenaren defentsan eta hitzarmena berritzeko aldarrikapenekin laugarren greba eguna izan zuten atzo Gipuzkoako Aspaceren eguneko zentroetako eta hezkuntza eta arreta goiztiarreko langileek. Manifestazioa egin zuten Erdialdeko kaleetatik barrena, ELAk eta CCOOk deituta, eta sindikatuek jakinarazi zutenez, atzoko greba egunak aurrekoak baino jarraipen handiagoa izan zuen: greba egin zezaketen grebalari ia guztiek egin zuten bat.
ELA sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, Aspacek erabat blokeatuta du hitzarmenaren negoziaketa. Langileek, ordea, buru-belarri jarraitzen dute eros ahalmena bermatuko duen soldata aldarrikatzen. Diotenez, eskaera hori indarrean jartzeaz gain, administrazio publikoak eta Aspacek aspalditik aldarrikatutako hobekuntzak kontuan hartu beharko lituzke: lana eta bizitza kontziliatzea ahalbidetuko dituzten neurriak, hobekuntza sozialak eta enpresa beraren antolaketa eta funtzionamendua hobetzea.
Orotara, Gipuzkoako 14 zentroetako 169 langile zeuden grebara deituta, eta horien artean hiru dira Donostiako lantegiak: Intxaurrondo eta Goienetxe zentroak, eta hezkuntza bereziko langileek dagokionez, Santa Teresa. Gaur Donostian egin dute manifestazioa, eta Aspacek eta administrazioak jarrera aldatu ezean, mobilizazioekin jarraituko dute