Donostia Kirolak harpidedunen webguneko atala berritu du
Donostia Kirolak urratsak egiten jarraitzen du izapideak eta zerbitzuak digitalizatzeko estrategian, eta, ildo horretan, abonatuaren gune bat aurkeztu du webgunean, erabat berritua, eskaintzen dituen izapideetarako erabilgarritasuna hobetuz.
Abonatuaren gune berrian, izapide ugari egin eta hainbat zerbitzutara sar daiteke: Kirol txartela egitea, datu pertsonalak aldatzea, hileko abonua berritzea, ordainagiriak, instalazioetara sartu izanaren historikoa, ordaintzeko modua aldatzea, Aukeran programaren asteko programazioan ikastaroetara edo saioetara izena ematea, zozketetan parte hartzea, eta abar. Gehitu den berrikuntzetako bat Bizum bidez kontratatutako zerbitzuak ordaintzeko aukera da, horrela ordainketa prozesua erraztuz.
Horrez gain, aldi baterako txartel birtual bat ere deskarga daiteke, Kirol Txartelean abonatutako pertsonei aukera ematen diena kirol instalazioetako sarrera tornuetatik sartzeko mugikorra erabiliz, txartel fisikoa erabili beharrik gabe. Iaz 218.000 sarrera egin ziren Kirol txartel birtual hau erabiliz.
Datozen hilabeteetan zerbitzu berriak txertatuko dira: itxaron zerrenden kudeaketa automatikoa, ikastaroetan baja emateko eta taldea aldatzeko eskaerak, sarreren eta bonuen salmenta, eta abar. Azkenik, gogoratu behar da kirol txartel birtual hau Eusko Jaurlaritzaren NIK Patrika aplikazioaren bidez ere erabil daitekeela. Aplikazio horrek, laster, abonatuaren gune hori ere barne hartuko du.
Zerbitzuen digitalizazioan egindako aurrerapen horrek ez du esan nahi Donostia Kirolaren aurrez aurreko arreta murriztu behar denik, ohiko ordutegietan mantentzen baita, bai Donostia Kirolaren bulegoetan, bai udal kiroldegietan, eten digitalak ez diezaion inori oztoporik eragin.