Zumba saioa, Morlans jai giroan dantza dadin
Badatoz Morlansko jaiak, eta faroltxoa piztu eta txupina botatzearekin batera lehertuko da festa auzoan, hilaren 17an. Iazko egitaraua aldatu, eta jai batzordeak dantzan ikusi nahi ditu auzotarrak, bai zumba egiten eta baita txarangaren erritmora eztarriak freskatzen ere.
Jai batzordean gazte gehiago sartu dira, eta taldea handituta, lortu dute aurten ere jaietako egitarau txukun bat prestatzea Morlansen. Hilaren 17tik 19ra, hiru eguneko egitarau oparoa programatu dute, eta adin guztietako jendearentzako jarduerarik ez da faltatuko auzoan.
Ostiral arratsaldean txokolate janarekin eta mago baten ikuskizunarekin hasiko dira motorrak berotzen, baina ohiturak agintzen duen eran, faroltxoaren piztearekin emango diete hasiera Morlansko jaiei. Jai batzordeko Asier Aguilar kideak (Morlans, 2004) eman dizkigu azalpenak: «Morlans Zaharretik behera kalejira bat egingo dugu Leire plazaraino, trikiti eta pandero doinuek lagunduta. Ondoren, faroltxoa piztuko dugu plazan, eta horrela emango diegu hasiera jaiei».
Talde feministari aitortza
Faroltxoa piztearekin batera, txupinazoa ere jaurtiko dute, eta aurtengoan, auzoko talde feminista arduratuko da hortaz. «Urtero pertsona edo talde desberdin batek botatzen du txupinazoa, eta aurten erabaki dugu auzoko talde feminista izatea. 2013tik auzoan egin duten lan guztiagatik eta orain arte egin duten ibilbideagatik omenaldi txiki hau egin nahi diegu», adierazi du Aguilarrek.
Jaia lehertzen denean, urteroko legez, sardina jana, herri bazkaria, buruhandiak, sagardo eguna eta apar festa izango dituzte beste hainbat jardueren artean. Berritasunei dagokienez, iaz, yoga eta poteo elegantea programatu zituzten lehenengoz, baina aurten, aldaketak egin dituztela adierazi du jai batzordeko kideak: «Larunbat goizean, zumba klasea izango dugu, ostiraleko ajea pasatzeko. Izan ere, jai batzordeko kide bat zumbako irakaslea da, eta klasea ematera etorriko da. Eta zumbaren ostean, poteoa txarangarekin egingo dugu, bazkaria baino lehen». Herri bazkarirako tiketak gaur jarriko dituzte salgai, bukatzen diren arte.
DJ-a eta rock kontzertuak
Ostiral gauean DJ saioa izango da jaietan, eta larunbatean, ohiturari jarraituz, rock kontzertuak antolatu dituzte Morlansen. 23:00etan hasita, Jhon Dealer & Coconuts, Stupid Fucking People eta Hyronika taldeak igoko dira oholtzara. 02:00etatik aurrera, rock musikaz gozatzen jarraitzeko aukera izango da txosnan.