Beste hirigintza eredu baten eta Auditz Akularren ez eraikitzearen alde egin dute
Altza XXI Herri Ekimenak antolatuta, Jon Agirre eta Oihana Santolaria EHUko hirigintzako irakasleek hitzaldi bat eskaini zuten joan den ostegunean Tomasene Kultur Etxean, eta herri ekimenak azaldu duenez, “hirigintzaren irizpideak jorratzeaz gain, laster agertu ziren Donostiako hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aurrerakinari buruzko aipamenak eta dokumentu honek Altzako Auditz Akularren 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko berreskuratu duen egitasmoari buruzkoak”.
Altza XXIk jaso duenez, Agirrek, bere hitzartzean, Ekialdeko Barrutiak bultzaturik idazketan dagoen Ekialdeko Plan Estrategikoaren diagnosiari erreparatu zion: 2Hasieratik ekialdeak dituen aktiboen artean, Ulia, Lau Haizeta eta Ametzagainarekin batera, Auditz Akularreko landa eremua nabarmentzen dela adierazi zuen, eta diagnosiak antzemandako beste hainbat aspektu azpimarratu, besteak beste, ekialdea industria eta ekonomiako jardunen leku erreferentziala izatetik etxebizitzarako eremu monofuntzionalera pasatu dela, etxebizitza parkearen gabeziak, gune berdeen eskasia edo gazteen formakuntzaren ahulezia, eta, finean, hiriko bizitza esperantza motzena izatea”.
Halaber, hirigintza birsortzailearen inguruan aritu zen Agirre, Santanderreko HAPOaren idazketarako egindako ekarpena aurkeztuz. “Hiria ingurune naturalarekin konektatu behar duela esan zuen eta ezin dela etengabeko hazkundea eman oinarririk gabe. Zentzu horretan, Donostiak ez duela biztanlez hasteko aurreikuspenik eta ez dagoela justifikatua milaka etxe berri eraikitzea adierazi zuen. Bete hitzetan, etxe gehiago egiteak ez du prezioa merkatzea ekarri, azken urtetan argi ikus den bezala”, azaldu du herri ekimenak.
Bestalde, Santolaria gehiago zentratu zen Auditz Akularreko kasuan, Altza XXIk jaso duenez: “Eremu monofuntzionalen zentzugabekeriatik abiatuta, plan orokorraren aurrerakinak Auditz Akularrerako egiten duen diseinua kritikatu zuen inora ez doazen errepidez osatzen delako mendiaren erdian. Donostiako hirigintzako beste egitasmoak izan zituen hizpide, horien artean, San Bartolomeko merkataritza gunea edo Loiolako sustapena. Hiriak biztanleen beharrak aintzat hartu behar dituela, hamabost minutuko esparruan osatzeko egoerak sortu behar dituela eta ez etengabeko derrigorrezko mugikortasuna ekarriko duten ereduak. Bukatzeko, Donostiako Udalak azken urtetan azterketa eta dokumentu oso interesgarriak sortu dituela adierazi zuen, lan sakonak gehienak, kontuan izan beharrekoak, adibidez, Etxebizitza Plana non ez den argi antzematen etxebizitza behar zehatzik. Auditz Akularren milaka etxebizitza eraikitzeko oinarrian, egun Donostiak duen etxebizitza babestuen kopuru urrian kokatu zuen. Izan ere, legez, hogei urtetan %20ko kopurua eskatuko zaio, egun %5era iristen ez denean. Iraganeko akatsen ondorioa, beraz”.
Altzako argazki historikoak ikusteko aukera ere eduki zuten bertaratutakoek, eta Altxa XXIk iragarri zuen hurrengo hilabeteetan Auditz Akularren 3.000 etxebizitza eraikitzearen asmoari aurre egingo diotela, “hiru zutabetan oinarrituz: Auditz Akularreko ingurumen balioak, bertan eraikitzea hirigintzaren irizpide guztien kontrakoa izango litzatekeela,eta etxebizitza beharraren inguruko hausnarketak beste irtenbide batzuk behar dituela”. “Partaideek horrelako topaketak errepikatzeko asmoa adierazi zuten”, gehitu du Altza XXIk.