Demi Volleringek Donostian irabazi du Itzulia
Hirugarren eta azken etapan erakustaldia eman du herbeheretarrak, Mendizorrotzen ihes eginda.
Erabakigarria izan zen Donostian atzo jokaturiko Emakumezkoen Itzuliaren hirugarren eta azken etapa. SD Worx taldeak bere nagusitasuna berretsi zuen, Demi Vollering liderraren erakustaldiarekin.
Espainiako Vuelta irabazi berritan, herbeheretarrak erasoa jo zuen Igeldoko Mendizorrotzen gora, eta gainerako ziklistak atzean utzi zituen. Bakarrik iritsi zen Bulebarreko helmugara 44 segundo aterata atzetik sailkatu zen tropeltxoari. Thalita de Jong (Lotto Dstny) izan zen bigarren, eta Mischa Bredewold (SD Worx) hirugarren. Aldiz, Donostian bizi den Olivia Baril (Movistar) quebectarra laugarren sailkatu zen.
Etapa eta Itzulia bereganatu zituen Volleringek —bigarrenez irabazi du lasterketa—, bere taldekide Bredewoldi lidergoa kenduta. Izan ere, lehen bi etapak Bredewoldek irabazi zituen esprintean. Sailkapen nagusiari dagokionez, Vollering txapeldunaren atzetik geratu ziren Bredewold bera bigarren eta Juliette Labous (Team Dsm) hirugarren. Barilek, berriz, seigarren bukatu zuen sailkapen nagusian.
🔴 🟢 Olivia Baril Itzulian euskaraz hitz eta jolas! #itzuliawomen2024 @Movistar_Team @Gob_eus @eitbkirolak pic.twitter.com/SbzZ0O4twp
— Itzulia Basque Country (@ehitzulia) May 11, 2024